Abenduko zubian eskaintza berezia egingo du Turismo Bulegoak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko abe. 4a, 12:18

Bisita gidatuak egingo ditu abenduaren 6an, 7an eta 8an Oñatiko Turismo Bulegoak. Sancti Spiritus Unibertsitatea eta parrokia bisitatuko dituzte, eta Arrikrutz Koba ere zabalik egongo da. Horrez gain, Gabonak familian egitaraua aurkeztu dute.

Abenduko zubiari begira, Oñatiko Turismo Bulegoak hainbat eskaintza aurkeztu ditu. Oñati arte historia bisita gidatuak egingo dituzte. Sancti Spiritus Unibertsitatea eta San Migel parrokia bisitatzeko aukera egongo da abenduaren 6an, 7an eta 8an, 16:30ean. Horrez gain, abenduaren 8an 12:00etan ere egingo dute bisita gidatua.

Erreserbak egiteko telefono zenbakia 943 78 34 53 da.

Arrikrutz-Oñatiko kobak ere zabalik egongo dira abenduko zubian. Erreserbak egiteko 943 08 20 00 telefonora deitu behar da.

Gabonak familian egitasmoa

Horrez gain, Gabonetako oporrei begira Gabonak familian egitaraua aurkeztu dute.

Abenduaren 27an Txokolatea Oñatin ibilbidea egingo dute, Antton Azpiazuk gidatuta. Turismo Bulegoan hasiko da ibilbidea, 17:00etan, eta herriko kaleetan izango du jarraipena, garai batean txokolate etxeak kokatuta zeuden tokietan, hain zuzen. Jardunaldia Oñatiko Txokolateixian amaituko da txokolate dastatzearekin. Bi orduko iraupena izango du. Txokolateak Oñatin izan duen bilakaeraz jardungo du Azpiazuk.

Abenduaren 30ean, Animali artean ikastaroa eskainiko du Mirari Sagarzazuk, Arrikrutz Oñatiko Kobetan, 10:00etan. 3 orduko iraupena izango du. 6 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako ikastaroa izango da. Kartoi mehea erabiliaz kobaren inguruan bizi ziren eta bizi diren animaliak irudikatzen ikasiko dute umeek. Ondoren kobara joateko aukera izango dute. Izen-ematea Oñatiko Turismo Bulegoan izango da abenduaren 27a baino lehen, 4 euroren truke. Plaza mugatuak.

Urtarrilaren 3an, Ixilpeko doinuak emanaldia Olatz Amozarrainekin. Arrikrutz Oñatiko Koban izango da, 12:00etan, eta ordubete iraungo du. Amozarrainek zeharkako txirula emanaldia eskainiko du kobetan egingo den ikus-entzunezko bisita berezian. Plaza mugatuak.

Urtarrilaren 5ean, Ginkana, 9:30ean. Oñatiko Turismo Bulegoak Oñatiko Txanda Elkartearekin elkarlanean antolatu duen galdera erantzunen jolasa izango da, 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat.

Gainera, jai egunetan autobus zerbitzua egongo dela gogora ekarri gura izan dute Turismo Bulegoko arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak