Beste urteetan ere parte hartu du Lazkanoiturburuk jaialdi horretan eta Urrezko Domina jasota du. Aurten, C kategorian hartuko du parte eta gaztetxoenetakoa izango da. Hamalau urte ditu.
Hiru pieza prestatu ditu jaialdirako, baina oraindik erabat erabaki gabe dute zenbat joko dituen. "Pieza horietako bat derrigorrean jo behar du. Zeuden aukeren artea, Olie Valse pieza aukeratu genuen. Joan den ekainean aukeratu genuen eta udan hori prestatzen ibili da, baita udatik hona ere. Egitarau librean, baina, lau minutu izaten ditu bakoitzak jotzeko eta berak erabakitzen du denbora horretan pieza bakarra jo edo hamar jo", dio Lazkanoiturbururen irakasleak, Arantzazu Bikuñak. Eta hori da, hain zuzen ere oraindik zalantzan dutena, bi pieza jo edo bakarra. "Garrantzitsuena da segurtasunez jotzea", gaineratu du Bikuñak.
Oihane Lazkanoiturburu gaztetxo oñatiarrak zapatuan joko du Arrasateko Kulturaten, 15:00etan.