Maria Cruickshank: "Benetako umore oneko zerbait egitea gustatuko litzaidake"

Ander Larrañaga 2014ko abe. 3a, 00:00

Maria Cruickshank oñatiarra.

Itsaso moduan ezagutzen dute askok Maria Cruickshank (Oñati, 1989), Goenkale telesailean pertsonaia horri bizia emateagatik. Duela gutxi ama izan da eta aktore lanak familiako betebeharrekin uztartu behar izaten ditu.

Zelakoa da Maria Cruickshank?

Pertsona bat beti egia eta gauza berriak dabilena bilatzen eta konformista ez dena. Saiatzen naiz nigan gauza berriak sortzen. 

Ze harreman duzu sukaldearekin?

Onartu beharra daukat sukaldean ibiltzea asko gustatzen zaidala, baita jatea ere. Nire etxean asko ibili gara sukaldean. Esaterako, amak kurtso makrobiotikoak ematen ditu; hortaz, hura ere sukaldaria da. Hori horrela, betidanik izan dugu sukaldearekiko gustu handia, eta, egia esan, harremana estua da.

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena? 

L'Albirren (Alacant) dagoen jatetxe japoniar batera gonbidatuko nuke: sushi erraldoi zoragarria zerbitzatzen dute han. 

Beraz, tradizionala baino, sukaldaritza modernoa nahiago... 

Biak atsegin ditut. Leku hura probatu nuen duela urtebete eta ezberdina iruditu zitzaidan, ez nuen inoiz halako sushirik probatu, eta uste dut, gainera, Espainiako sushirik onena egiten dutela han. Hala ere, sagardotegi batera ere joango nintzateke.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri? 

Interesgarria iruditzen zaidan edozein pertsonarekin. Jende askorekin bazkaldu behar izan dut eta beti ezagutzen da interesgarria den norbait.

Zergatik aktore?

Betidanik, txikitatik, jolastea gustatu izan zait, eta, niretako, antzerkian edo telebistan ibiltzea jolastea da. Beraz, zergatik nire lanean jolasten ez jarraitu platoa edo antzerkia den panpina-etxe erraldoi batean? Lana da, bai, eta serio hartu behar da, baina, niretako, jolastea da.

Nor miresten duzu interpretazioaren munduan?

Meryl Streep. Betidanik miretsi izan dut emakume moduan. Bere lana ikusgarria iruditzen zait.

Aktore ez bazina…

Margolari, agian? Arte Ederrak ikasi nituen; beraz, artearekin edo irudimenarekin lotutako zerbait. Irudimentsutzat daukat nire burua.

Antzerkia ala zinema?

Momentuaren arabera.

Zein antzezlan, pelikula edo telesailetan parte hartuko zenuke?

Edozeinetan. Pelikula edo antzerkiren batean. Telesailetan agian ez. Benetako umore oneko zerbait egitea gustatuko litzaidake.

Interpretatutako zein duzu pertsonaiarik kutunena?

Eta zer II izeneko antzerki bat egiten dut. Bertan, pertsonaia desberdinak interpretatzen ditut, baina badago pertsonaia bat benetan maite dudana: Amima 8 urteko ume marokoarraren pertsonaia dut begiko.

Zer duzu maite bizimodu honetan?

Bizitza. Dena. Bizitzen baduzu kontzienteki, dena da polita: gauza berriak ikasteko eta onak disfrutatzeko.

Anekdotarik?

Duela bi hilabete ama izan nintzen eta Goenkale-n hasi naiz lanean. Amatasuna nire mutilari eman diot, eta, hala, hirurok joaten gara grabatzera. Bularra ematen diot hartze eta hartze artean eta aurrekoan grabatzen geundela platoko ateak ireki ziren eta alabaren negarrak entzuten ziren. Momentu barregarria da. 

Zerk beldurtzen zaitu?

Bizitzan galduta egoteak.

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Ez daukat telebistarik; hortaz, sofan eseri eta irakurri.

Nora ospa egingo zenuke gustura?

Edonora. Gustuko dut bidaiatzea. Egia esan, Espainiatik eta Frantziatik kanpo; Italiara, AEBetara, Asiara…

Ze esaldi konpartituko zenuke? 

Arnasa hartu eta pazientzia izan; gauzak hobeto etortzen dira. 

----------

Aukeran...

Lehen platera: Pasta asiarra. 

Bigarrena: Ahate-paparra, magret-a.

Postrea: Sagar tatin-a.

Edatekoa: Sagar-zukua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak