Fitxa teknikoa
Nazioarteko musikariekin grabatu du Ordorikak Lurrean etzanda. Zazpi diskotan bidelagun izan duen AEBetako Kenny Wolles bateria-jotzailea izan du ondoan, batetik. Londrestik, berriz, Simon Edwards baxu eta kontrabaxu-jotzailea eta Leo Abrahams gitarrista etorri dira Elkar estudiora. Teklatu soinuak New Yorketik datoz, hara egindako bidaia batean Jamie Saft musikariarekin grabatu baitzituen. Ahotsa, ohi bezala, anaiarenean landu du, Azkaraten. "Oso ondo pasatu dut diskoa egiten" aitortu du oñatiarrak.
Abestiak, berriz, duela urtebete kaleratutako Azukre koxkorrak diskoa jendaurrean aurkezten ziharduela landutakoak dira. Musikariak aitortu du azken hamar diskoetan kantuak grabaketaren aurretik landu eta fintzeari garrantzi handia eman diola, gustuko duen moduan, dena batera grabatu eta unea harrapatzeko. "Momentuko indarra harrapatzen saiatzen naiz, eta nire kantuek eskertzen dute", dio.
'Lurrean etzanda'
"Guztiz bestelako disko bat dela esango nuke", azaldu du Ordorikak. Bere esanetan, gehiago sakondu du oraingoan, nahi dituen kanta motak eginez, eta horregatik, grabaketan "gehiago arriskatzeko gauza" izan da. Emaitza, disko "librea", eta "nortasun handikoa".