"Nik egiten dudan musika estiloa -blind rock- ezagutzera ematea izango da helburuetako bat. Beste bat, nahi izanez gero lortu daitekeela erakustea. Eta azkenik, gaixotasunaren inguruan egiten gabiltzan lana erakustea", azaldu du Casasek. 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago saioa eta "sinplea baina dibertigarria" izango dela dio musikariak. Apaga la luz y verás 2014 izeneko teaser-a erakutsiko die gazteei lehendabizi. Eta honako hau aurreratu du: "Pixka bat jolastuko gara. Erakutsi nahi diet nola ikusten diren gauzak nire egoeratik". Ikus-entzunezkoaz gain, musika ere izango da. Izan ere, Xabi Mendiluze gitarrak girotuko du hitzaldia eta Casasen hainbat abesti ere joko dituzte.
'DameTVision'
Apaga la luz y verás abestia izan zen DameTVisión proiektuaren oinarri. Eta orain, Casasek izen bereko dokumental bat egin nahi du. Erretinosi pigmentarioa duen pertsona baten begietatik erakutsi nahi du mundua. Pelikula hori garatzen dabil azken urteotan eta horren aurrerapen bat eman zuen 2014ko Zinemaldian –horixe erakutsiko du gaztelekuan.
Bestalde, DameTVisión izeneko irabazi asmorik gabeko erakunde kulturala ere sortu dute. Gaixotasunaren ikerketan laguntzeko dirua biltzea da erakundearen helburuetako bat.