Hondakinak Prebenitzeko Astearen harira egin zuen Gipuzkoako Elikagaien Bankuak sari banaketa. Plaka SDA Aduna enpresak jaso zuen eta beste 28 enpresak diploma bana jaso zuten, tartean Natra Zahorrek.
"Ahalik eta hondakin gutxien sortu behar da"
Iñaki Errazkinek ingurumen alorrean Elikagai Bankuak egiten duen lana nabarmendu zuen ekitaldian: "Ahalik eta hondakin gutxien sortu behar da, hierarkiak dioenaren arabera, eta Elikagai Bankuak horixe egiten du, bestela zabortegietara joango liratekeen jakiak jasotzen ditu eta".
Martin Garitanoren berbak
Martin Garitanok adierazi zuenez, "krisia gogor jotzen ari da, eta arduraz jokatu behar dugu: arduraz eta justizia ikuspegi batez. Ezin dugu inor bazterrean utzi. Aberastasuna hobeto banatu behar dugu, eta zerbitzu sozialak indartu behar ditugu. Gipuzkoa justuagoa eta sozialagoa behar dugu; ahalegin horretan ari gara". Elikagai Bankuak balio horiek, konpartitu ez ezik, zabaldu ere egiten dituela gaineratu zuen diputatu nagusiak. "Gipuzkoarrok harro gaude Elikagai Bankuaren lanarekin", esan zuen Garitanok.