Jostailu truke azoka egingo dute Txalokak antolatuta

Irati Goitia 2014ko aza. 25a, 11:47

Gabonak datozela-eta, jostailu truke azoka antolatu dute Txaloka Udal Ludotekakoek. Gaur da jostailuak entregatzeko lehenengo eguna.

"Helburua da jostailuak berrerabiltzea, krisiari aurre egiteko metodo bezala. Hein batean, jostailuei bigarren aukera bat ematea da", adierazi du Ludotekako arduradun Leire Zumaldek. Gaineratu du beste jostailu batzuekin gozatzeko aukera ona eskaintzen duela truke azokak, erosi beharrean eta "kontsumismoa bultzatu" beharrean.

Nola egin

Hiru egun izango dira jostailuak entregatzeko: azaroaren 25a, abenduaren 2a eta abenduaren 9a. Ludotekan bertan jasoko dira 16:45etatik 19:45etara. "Umeek ludotekara ekarri eta bertan entregatuko dituzte dagoeneko erabiltzen ez dituztenak. Guk datuak jasoko ditugu. Eta ondoren, entregatutako jostailu bakoitzeko, txartel bat jasoko du haurrak. Azoka egunean, ludotekan jasoko ditugun jostailu guztiak egongo dira aukeran eta txartelaren emanda, edozein jostailu hartu ahal izango dute", azaldu du Zumaldek. Azoka abenduaren 13an egingo da 10:30etatik 13:30etara Foruen plazan (eguraldi txarra eginez gero, Txaloka ludotekan).

Entregatu behar diren jostailuek baldintza batzuk bete beharko dituzte: egoera onean egon beharko dira, pieza guztiekin eta funtzionamenduan. Bestalde, txikiak direnak multzoka trukatuko dira, esaterako, kanikak edo auto txikiak.

Lehenengo aldiz antolatu dute jostailu truke azoka aurten, eta ludotekako arduradunek umeak animatu nahi dituzte parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak