ULMA Handling Systems-ek, LKS ingeniaritzak eta Eroskik garatu dute proiektua eta biltegi eta banaketa lana %50 produktiboago egin gura dute aurrerantzean, aldi berean, kostu logistikoak %10-15 inguru murriztuz. Inbertsioa 40 milioi eurokoa izan da. Atzo inauguratu zuten azpiegitura berria, Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantza Tapia sailburua, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Javier Sotil, Mondragon Taldeko presidente berriarekin.
Atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, sistemak dendetarako eskaerak automatikoki jaso, biltegiratu eta prestatzen ditu. Produktuak ia eskuz manipulatu gabe egiten da kudeaketa eta denda bakoitzerako eskaerak saltokian produktuak kokatzen diren ordenari jarraituz prestatzen dira. Produkzioaren erdia langileen laguntzarik gabe egiten dela nabarmendu zuten atzo. Lantegia automatizatu aurretik prestatzaileek 8.000 kiloko zamalanak egiten zituzten eta aurrerantzean horren %30 besterik ez dute euren gain hartuko. Berrikuntzen artean dago, botilak ere modu automatizatuan kudeatuko direla.