Musikegunak egitasmoaren baitan, eta Antonino Ibarrondoren omenezko emanaldien barruan, kontzertua eskainiko dute Oñatiko musika taldeek domekan. Parte hartuko dute: musika bandak, txistulari taldeak, Ganbara Abesbatzak, Parrokiako koruak eta Oñati Abesbatzak. Iñaxio Ibarrondok egingo ditu zuzendari lanak eta Antonino Ibarrondoren musika bilduz grabatu den diskoaren aurkezpena izango da. Kontzertua San Migel parrokian izango da, 19:00etan. Sarrera doakoa da.
Ganbarakoen kontzertua
Ganbara kantu eskolako taldeek kontzertua eskainiko dute bihar, 19:00etan, Santa Ana antzokian. Bremengo musikarien istorioa oinarri hartuta, emanaldi berezia egingo dute. Hiru taldetan banatuta, hiru musika estilo landuko dituzte. Zehazki, tailerretakoek eta hasiberriek Ameriketako Estatu Batuetatik datozen raperoak antzeztuko dituzte. Ganbara Txikitxoakekoek opera abeslariak eta Ganbara Txikikoek punk kantariak. Antzokia entsegu areto bilakatuko dute, eta hasiera batean talde bakoitzak bere aldetik kantatuko duen arren, amaieran denek elkarrekin abestuko dute. Errepertorioa askotarikoa izango da.
Musika kalean
Jose de Azpiazu musika eskolako ikasle eta irakasleek eguaztenean ospatu zuten Santa Zezilia. Hala, kalejira egin zuten herriko kaleetan barrena, eta ondoren, jaialdia eta txokolatada izan zituzten berdura azokan. Denera ehun ume inguru irten ziren kalera euren instrumentu eta guzti. Batez ere, euskal dantzak jo zituzten.
Bosgarren urtez antolatu du Euskal Herriko Musika Eskolen elkarteak Musikalean egitasmoa eta 50 musika eskoletako irakasle eta ikasleek hartuko dute parte, tartean, oñatiarrek.