Autoak gurutzatuta ikusteko aukera izango da Oñatiko I. eslalomean

Imanol Beloki 2014ko aza. 20a, 16:51
Arrasaten, Markuleten egin zen motorshow slalom erakustaldia. | imanol soriano

Lehen aldiz egingo da Oñatiko eslalom proba. Domekan izango da, 10:30ean, eta autoak gurutzatuta ikusteko aukera izango da Zahorretik Berezaoko industrialdera bitartean. Udana Oñatiko Motor Taldeko Asier Samaniegok adierazi duenez: "Oñatin autoekiko zaletasun handia dago eta gogoz geunden Oñatin eslalom bat antolatzeko".

Kategoria askotariko 20 auto inguruk hartuko dute parte eta hiru kart-kros ere egongo dira. Zirkuituak hainbat kono, chicane… izango ditu, eta, Zahorretik hasita, bidea egin eta leku berera azkarren bueltatzen denak irabaziko du. Samaniegoren esanetan: "Lan gogorra dugu antolakuntzatik; izan ere, 16 pertsona behar dira komisario lana egiteko, eta, horiez gain, beste hainbaten laguntza ere behar izaten da". Hala, ez da rallysprint batean bezala; abiadura izango garrantzitsua txapelketa horretan. Autoa behar den momentuan gurutzatzea eta teknika izateak gehiago balio du. Izan ere, "autoren batek konoren bat ukitzen badu… puntuak kenduko zaizkio…".


Zahor eta Opel Berezao arteko bidea 09:30etik 14:30era itxi egingo dute eta eslaloma 10:30ean hasiko da. Lehenengo, entrenamenduak egingo dituzte parte-hartzaileek, eta gero, bi txanda izango dira txapelketan. Hala, hainbat sari egongo dira, eta, antolakuntzakoek adierazi dutenez, Oñatiko onenarentzat ere egongo da saria.

Potentzia handiko autoak

Lau motatako autoek hartuko dute parte proban: lehen motakoak 1.600 zentimetro kubikora artekoak izango dira; bigarren motakoak, 1.600 zentimetro kubikotik gorakoak; hirugarren motakoak, atzeko trakzioa duten autoak; eta laugarren motakoak, berriz, kart-krosak.

Hurrengo erronka

Domekakoa eslaloma da eta Euskadiko Eslalom Txapelketarako puntuagarria izango da; ez da Arrasaten, Markuleten, egin zen moduko erakustaldia: "Aurrerago erakustaldi bat egin gura dugu, Eteo inguruan, baina zehazteko dago. Orain, ikusleek eta pilotuek disfrutatzea eta dena ondo irtetea espero dugu".

 


Asier Samaniego
Pilotua

Asier Samaniego pilotua oñatiarra da, eta, lasterketetan parte hartzen duen arren, aurten, Oñatiko eslalomaren lehen edizioa antolatzen dabil.

Zer dela-eta antolatu duzue Oñatiko I. eslaloma?


Ahal dugun lasterketa guztietara joan gara kirol honetan gabiltzanak, eta Oñatin, Udanako Igoeraz gainera, beste zerbait egitea pentsatu dugu. Eslalom hau puntuagarria izango da Euskal Herriko Eslalom Txapelketarako, baina aurrerago erakustaldi bat egin gura dugu. Ea lehen edizio hau ondo irteten den.


Rallyak baino dibertigarriagoak dira eslalomak?


Nik nahiago ditut rallysprintak edo auto igoerak, abiadura… baina eslaloma ere oso dibertigarria dela iruditzen zait. Gainera, modalitate honetan ere jende asko lehiatzen da.


Afizio handia dago Oñatin?


Bai, afizio handia dago Oñatin, baina ez autoekiko bakarrik. Motorrak, goitibeherak… ikustera jende asko joaten da eta herrian bertan pilotu asko ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak