Bost iturri horiez gain, Iturritxokoa eta Kanpantxokoa ere konpondu eta eraberritu gura zituen Udalak. "Hasieran horixe zen asmoa, zazpi iturri horiek eraberritzea baina eskatutako aurrekontua handiegia zen eta azkenean erabaki da soilik elementu metalikoak eraberritzea. Eta horretan ari dira. Iturri horietan dagoen metala garbitu, herdoila kendu, eta margotu egingo dituzte", azaldu du udaleko aparejadoreak, Xabier Berridik.
Zazpi iturriak XIX. mende amaieran jarritakoak dira eta harria eta metala dira euren osagai nagusiak. Metala harria baino gehiago desitxuratu denez, atal hori eraberritzea erabaki dute. Dagoeneko lehen eskua eman diete bost iturri horiei eta datozen egunetan bigarren eskua ematen bukatuko dituzte iturriak txukuntzeko egiten ari diren lanak.