Lagash: "Ondoan izan ditugun eta jarraitzen duten lagunei eskainitako diskoa da hau"

Jagoba Domingo 2014ko aza. 11a, 00:00
Lagash seikotea, gaur egun.

Oñatira stonerra heldu aurretik, heavya ere existitzen zen, eta horren erakusle onena Lagash da. Hainbat urte oholtzatik kanpo eman ondoren, hogeigarren urteurrena ospatzeko lan berria kaleratu berri du seikoteak.

Zergatik XX?

Musikaren mundua agur esan barik utzi genuen, eta, gure ustez, beharrezkoa zen gure ondoan izan ditugun eta ondoan jarraitzen duten lagun eta jarraitzaileei eskerrak ematea. Hori izan da  diskoa kaleratzeko arrazoi nagusia.

Azken urteotan nork bere ibilbidearekin jarraitu du; nolatan eta noiz elkartu zineten berriz, esku artean dugun bilduma egiteko?

Duela urtebete inguru, berriz ere harremanetan jarri ginen. Denok elkartu, eta hogeigarren urteurrena ospatzeko hainbat aukera aztertu genituen, eta, azkenean, lan berri bat kaleratzea erabaki genuen: Lagash XX. Diskoa bilduma bat den arren, ez da ohiko bilduma. Hogei kantuetatik bi berriak dira, 20 años eta Amen, eta aurreko diskoetan grabatuta dauden abestiak berriz ere grabatu ditugu. Uda aurretik, Interneten, aurrerapen bezala diskoan dauden lau abesti argitaratu genituen XIX izenpean; nolabait, orain heldu denari oihartzun handiagoa emateko egin genuen.

Kantu zaharrak berriz ere grabatu dituzue; alde handia dago?

Aukeraketa egitea ez da erraza izan, baina lan berrian dauden kantu guztiek Lagash bezala definitzen gaituztela uste dugu. Urte asko pasatu dira, eta, musikari bezala aurrerapauso bat eman dugunez, kantuak berriz ere grabatzea erabaki genuen, abestiak hobetzeko esperantzarekin. Hori bai, argi geneukan abestien esentziak hor jarraitu beharko zuela. 20 años eta Amen kantuek, adibidez, gure zigilua daramate, estilo bera, baina eboluzioa nabaria da.

Nolakoa izan da grabaketa?

Jorge Sanchez Lagasheko gitarristaren etxean grabatu dugu. Denok egon garen arren, Sanchezek eta Angelek, beste gitarristak, egin dute lan gogorrena. Ordu asko eman dituzte bilduma kaleratzeko, batez ere Sanchezek.  Urte honetan zehar prestatu dugu diskoa; izan ere, bakoitzak beste proiektu batzuk ditu, eta horri lana eta familia batuta... zaila da denbora ateratzea. 

Urtebete hau lokalean eman duzue?

Ez, kantuak ez ditugu lokalean prestatu. Zuzenean estudiora jo genuen; esan bezala, bakoitzak beste proiektu batzuk ditu eta norberak etxean egin du lan. 

Diskoa aurkezteko asmorik?

Hasiera baten, ez; hala ere, nork daki... Nahiko harrera ona izan du lagunen artean. Diskoa nahi izanez gero, Internet bidez gurekin kontaktuan jartzeko aukeraz gain, Oñatin, Arrasaten eta Bergaran egongo da salgai; baita Amazonen eta Itunesen ere.

Hogei urtean asko aldatu da eszena?

Asko, eta txarrera. Talde askok oso esfortzu handia egiten dute eta ez dute erantzunik izaten; baina  instrumentuak, anplifikadoreak, gasolinak... gastu asko daude. Orain, aisialdirako aukera asko daude; gure garaian, poteoa eta musika besterik ez zegoen!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak