Oñatiko Ikusi Makusi taldekoek barrez jarri dute publikoa, istorio xelebrearekin

Pake Lekuko taldeak hamargarren lana taularatu zuen egubakoitzean; erretiratuendako zen saioa, eta Oñatiko Santa Ana hiru laurden bete zen. Gabonak aurretik beste saio bat behintzat egingo dute herrian –irekia–, eta kanpora joatekoak ere badira. [ARGAZKIAK]

Oñatiko Pake Leku erretiratuen elkarteko Ikusi Makusi antzerki taldearen lanak arrakastatsu izan ohi dira, eta oraingoa ere ez da salbuespena izan. Asun Arzuagak zuzendutako hamargarren lana ikusteko itxura polita hartu zuen egubakoitz arratsaldean Santa Ana aretoak, eta bertaratutakoek ederki pasa zuten Novedades en Villa Titiritaina obrarekin, nahikoa barre eginez.

Aurrez taularatutako Vivir en Villa Titiritaina lanaren jarraipena da oraingoa, eta hartako lagun kuadrilla bera da protagonista. Oraingo istorioaren ardatza, baina, da adinean aurrera doan kuadrillako kideetako bik, bikote batek, guraso izan nahi duela. Umeak adoptatzeko ahaleginean hasi eta mafia baten atzaparretan erortzen dira: hilabeteetako bi haur txiki beharrean 14 urteko bi mutiko pakistandar iristen zaizkie, eta zalaparta eragiten du horrek bikotean eta lagun taldean.

Une barregarri asko ditu lanak, eta publikoak algaraka erantzun zuen gidoiko hamaika pasarte bitxitan, erretiratu elkarteko lagunak –Ikusi Makusi antzerki taldeko aktoreak– egoera xelebreotan interpretatzen ikusita.

Taldeko kideak gustura
"Gustura, oso gustura gaude. Aurten bagenuen beldurra ez zitzaigula oso ondo aterako, denbora gutxi izan dugulako gertatzeko; baina, azkenean, nik uste emaitza ona izan dela. Behintzat jendeari gustatu zaio, eta txalo egin digute", zioen saioaren amaieran Asun Arzuaga zuzendari eta gidoigileak; aktoreak ondo ikusi zituela ere bazioen.

Lan berria erretiratuei aurkeztuta, Ikusi Makusikoek publiko orokorrari erakutsiko diote datozen asteetan, bai herrian bertan eta baita kanpoan ere. Izan ere, Gabonak baino lehen egingo dute Oñatin beste saio bat, baina aurretik, adibidez, Zegamara joatekoak dira. Horrez gain, hitzartuta dituzten emanaldien artean daude Santa Ana eta Benediktina komentuetan egingo dituztenak: "Oso pozik geratzen dira mojak". Erresidentziara ere joango dira, eta Gabon ostean beste herri batzuetara; ohi duten bezala, Gernikara, adibidez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.