Movistar Team Word Tourreko talde onena izan da bigarren urtez. Nolako sentimenduak sorrarazten ditu horrek?
Pozik gaude sariarekin, ondo egindako lanaren aitortza delako. Niretako plazer hutsa da talde honetako kide izatea. Talde honek bilakaera itzela izan du. Reynolds, Banesto eta egun Movistar.
Bilakaera horretan ziklista asko egon dira eta eurekin lan egiten beste hainbat lagun. Punta-puntako ziklistak. Izarrak. Gaur egun talde horretako kide naizelako harro nago.
Munduko talde onena, Italiako Giroko sailkapen orokorra, urtean 34 etapa irabazita eta Alejandro Valverde izan da urteko ziklistarik onena. Datu ikusgarriak.
Urte borobila izan da. Iaz ere talde onena izan ginen, baina aurtengo pasteleko ginda Italiako Giroak ipini dio. Ni neu egon nintzen Nairo Quintanaren garaipenaz disfrutatzen. Lanean egon nintzen, eta ikusgarria izan zen. Giroa beti izan da berezia niretzat. Hiru handietatik xarma handiena duena dela uste dut, eta aurten han egotea eta sailkapen orokorra irabaztea itzela izan da. Ez nuke Giroa Tourrarengatik edo Vueltarengatik aldatuko.
Eta hori guztiori lan onaren emaitza dela esango nuke. Ziklistek errepidean eta gainerako guztiok nork bere esparruan egindako lanaren emaitza da. Lana ondo egiten denean, emaitzak ikusten dira.
Zein lan egiten duzu zuk?
Movistar taldeko masajista naiz, baina gure lana masajeak ematea baino haratago doa: txirrindulariak hotelera iristen direnerako dena prest eduki, probetako hornidurak prestatu, etapen bukaeran ziklistekin arduratu… Probetara hiru masajista joaten gara. Girora, Tourrera eta Vueltara bost masajista. Han gaudela banatzen ditugu lanak: batzuek masajeak eman, beste batzuek anoa-puntuez arduratu, beste batzuek hoteleko egonaldiaz, arropaz….
Hirugarren urtea duzu Movistarren. Nolako bilakaera izan du taldeak?
Maila handiko txirrindulariak daude, eta euren mailaren araberako emaitzak eskatzen dira. Taldearen lehiakortasun maila asko aldatu da. Nairo Quintana duela hiru urte heldu zen taldera, nirekin batera, eta gaur egun ezagutzen dugun ziklistak ez dauka zerikusirik Movistarrekin debuta egin zuenarekin. Proiekzio handiko ziklista zela jakinekoa zen, baina saltoa noiz emango zuen jakin barik.
Nolakoak dira mundu mailako izar horiek gertutik? Valverde, Quintana, Intxausti…
Oso gertukoak. Taldeko kideak. Besterik barik. Aisialdi uneetan eurekin lasai asko berba egin daiteke, txisteak kontatu, barre egin… Lan egin behar dutenean, oso profesionalak dira. Zorrotzak euren lanarekin. Bizikletatik jaisten direnean pertsona arruntak dira. Handikeriarik gabeak.
Munduko talde onena izanda ere, beste talde batzuek zer egiten duten, nolako lana egiten duten aintzat hartzen duzue?
Profesional mailako talde gehienek oso modu berdintsuan egiten dugu lan. Baina besteen lana nolakoa den begiratzen dugu. Detaile txikietan ezberdintzen da gure lana. Adibidez, guk pasteltxo eta fruta gutxi erabiltzen dugu anoa-puntuetan eta beste talde batzuek beste jaki batzuk erabiltzen dituzte.
Movistarreko ziklistak alde batera utzita, onerako edo txarrera harritu zaituen ziklistaren bat aipatuko zenuke?
Onerako, Fabio Aruk egindako denboraldia azpimarratuko nuke. Bilakaera ona izan du eta Giroan lan itzela egin zuen. 2015ean aurrean ibiliko dela uste dut. Hautagaietako bat izango da Giroan.
Txarrerako? Akaso, beteranoak diren txirrindulari batzuek egindako lana. Akaso, lesioak direla-eta ez dute mailarik eman. Adibidez, Thor Hushovd.
Zu zeu txirrindularitzarik zatoz. Errepidean ibili ostean, zauden lekuan egotea amestu izan zenuen?
Masajista lanetan egotea kasualitate hutsa besterik ez da. Txirrindulari izateari utzi nionean, bizikleta munduan jarraitu gura nuen. Txirrindularitza ogibide izateko ametsa izan banuen, eta Oñatin lan egiten nuen enpresa itxi zutenean hasi nintzen masajista lanetan. Lagun batekin hasi nintzen talde txikiago baten. Handik egin nuen salto Movistarrera.
Nola ikusten da profesional mailako talde batetik euskal txirrindularitza?
Egoera larria da. Ziklistak badaude, zaleak ere bai, proiektu politak sortzeko ideiak ere bai, baina ez dago baliabiderik. Zorionez, Jon Odriozolak kontinental mailako ziklismo taldea aterako du Murias enpresari esker, eta hori izango da etorkizuna. Azken urteetan isilean egindako lanaren emaitza da talde berri hori, eta ikusi beharko da noraino iristen den. Ea, bada, elite mailan euskal talde berria ikusten dugun etorkizun hurbilean.
Non ikusten duzu zure burua urte batzuk barru?
Ez dakit. Ez da erraza galdera horri erantzutea. Txirrindularitza munduan egon gurako nuke, nik dakidana besteei erakusten, nik ditudan balioak besteei erakusten. Eta masajista lanetan, noski. Txirrindularitza oso ezegonkorra da, eta aldaketa asko egon daitezke urte batetik bestera. Ikusiko dugu.
Noiz hasiko zarete denboraldia prestatzen?
Arduradunak hasi dira lanean. Laster egingo dugu astebeteko lehen kontzentrazioa eta hasiko gara urtea prestatzen.