Euskarari bidean jarri zaizkion harriak oraindik ere ez direlako desagertu

Txomin Madina Milikua 2014ko aza. 1a, 12:09

Ikuskizun berean antzerkia, musika, dantza, ikus-entzunezko materiala eta lekukoen kontakizunak, denak uztartzea apustu arriskutsua da: ikuslea nahastu dezake, edo aurreiritziak ahaztu arazita, emanaldi osorako bereganatu. AtzoOñatiko Santa Ana aretoan eskaini zuten 'Euskara, añubea eta eguzkibegixa' ikuskizunaren bi emanaldiak itxi zituzten txalo zaparradak entzunda, argi geratu zen apustuaren emaitza.

"Oso gustura geratu gara, jendea hunkitu ere egin da. Zer gehiago eskatu daiteke?", zioen lehen emanaldiaren ostean Bernat Alberdik, euskarak bizi izandako zapalkuntza kontatzea helburu duen ikuskizunaren zuzendariak. Baina hunkitzen jakin egin behar da; baita harago joan, eta hausnarketa eragiten ere.

Hitzekin lortu daiteke hori, eta hitzek garrantzia handia dute ikuskizunean. Antzerki moduan planteatuta batzuetan (zentzu horretan, lan bikaina Iban Idigoras eta Karmen Biainek egindakoa); gertakariak gertutik ezagutu eta bizi izan zituztenen bakarrizketa moduan bestetan. Azken hori izan zen Xabier Amurizaren eta Kontxita Beitiaren lana: Amurizak euskararen zapalkuntzan Elizak izan zuen paperaz berba egin zuen, baita Gogor mugimenduaz ere. Beitiak, aldiz, ikastoletako lehenengoetako andereñoa izanda, ikastolen euren hastapenak hartu zituen berbagai. Ezin dira aipatu gabe utzi, era berean, hainbat oñatiarrek euren eskola garaian bizitakoak kontatzen zituzten grabazioak.

Bisualki indartsua

Hitzak ikuskizunaren hanketako bat, beraz. Eta musika beste bat. "Ez da erraza izan ikuskizunari musika jartzea; une bakoitzerako musika aproposa bilatu gura izan dugu, bakoitzari bere ñabardura eman", dio musika zuzendari lanetan ibili den Iñigo Ugartek, eta horretan, bi aliatu bikain izan zituen: Joseba Irazoki beratarra eta Ander Etxaniz oñatiarra. Bakoitzak bere gitarrarekin, zegokionean lasai eta zegokionean indarrez girotu zuten ikuskizuna.

Akaso deigarriena, obrak bisualki izan zuen indarra izan zen; argiarekin eta itzalekin, koloreekin eta siluetekin jolastearen fruitua. Hasieratik, Ttakunekotxalapartariak agertu zirenetik, argi geratu zen entzungo zenaz gain, ikusiko zenak ere bazuela garrantzia. Ezin ahaztu Ganbara abesbatzakoek ikastolen ereserkia abestu bitartean Oñatz dantza taldekoak eta Ziomara Hormaetxea dantzaria batera aritu ziren unea. Edo euskarak, Eneritz Duesoren ahotik, bere burua aldarrikatu zuen bakarrizketa.

Gehienak, oñatiarrak

60 pertsona ingururen esfortzua izan zen agertokian ikusi zena; gehienak, herrikoak bertakoak, Xabier Amurizak gogoratu moduan: "Ilusio handia egin dit horrelako ikuskizun batean egoteak. Asko pozten nau gainera, horrelako ideia baten inguruan hainbeste oñatiarrek parte hartzeak".

Santa Ana bi emanaldietan bete zuten ikusleek, gogoratzeko, hunkitzeko eta pentsatzeko, hiruretarako aukera izan zen atzo. Euskararen bidean, oraindik ere, harri gehiegi daudelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak