Gogoz hasiko du denboraldia Arrikrutz ziklokros taldeak

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko urr. 25a, 18:23

Taldeko txirrindulariak, zuzendaritzakoak eta mekanikaria atzo egindako aurkezpenean

Gutxienez hamazazpi lasterketako egutegia dute taldea osatzen duten zazpi txirrindulariek, tartean Oñatikoa. Egubakoitzean aurkeztu zuten taldea eta aurretik, Aiton Biainek egin duen '1953, historia pedalkadaz' dokumentala bota zuten.

Laugarren denboraldia hasi du Arrikrutz Oñatiko kobak ziklokros taldeak. Egubakoitzean, atzo, egin zuten talde berriaren aurkezpena kultura etxean, eta aurten ere gogotsu daudela adierazi zuten. 

Oñatikoa, kanposantu ondoan

Bizikleta gainean joan ziren aurkezpenera taldekideetako bi eta zuzendaritzako eta mekanikarien taldeko kideekin batera atera zuten argazkia txirrindulariek, denak irribarrea ezpainetan zutela, pozik denboraldi berrirako. "Kadete mailan Ander Gartzia lehiatuko da eta gainerakoak junior mailan: Xabi Aiastui, Andoni Igartua, Xabi Murgiondo, Beñat Ormaetxea, Ekaitz Txintxurreta eta Julen Umerez", adierazi zuen zuzendaritzako kide den Ruper Arkauzek. Harekin batera osatzen dute talde hori Josu Alberdik, Iker Arkauzek eta Julen Arkauzek. Mekanikari lanetan, berriz, Mikel Untzurruntzaga arituko da denboraldi honetan ere.

Domekan, bihar, Karrantzan, dute aurtengo denboraldiko lehen lasterketa. "Egutegia jarrita dago, bai, baina txirrindulari bakoitzak erabakiko du nora joan. Julen Umerezek, esaterako, duela gutxi bukatu du errepideko denboraldia eta atseden hartuko du orain, beranduago hasiko da ziklokroseko lasterketan parte hartzen. Dena dela, azken hiru urteetan hartu duten esperientzia ez dute alferrikakoa. Dagoeneko hasi dira euren artean berba egiten lasterketa eta denbora konkretuez, eta hori ona da, ziklokrosa gustatzen zaiela esan gura du horrek", dio Ruper Arkauzek.

Aurreko hiru denboraldietan Espainiako txapelketan ere parte hartu dute Arrikrutz Oñatiko kobak taldeko txirrindulariak eta aurten ere gustatuko litzaieke iazko beste podium edo gehiago egitea.

Gutxienez hamazazpi lasterketa dituzte egutegian eta aurten ere jokatuko da bat Oñatin. Abenduaren 21ean izango da. Aurten, baina, San Martinen egin ordez kanposantuaren  inguruan izango da. "Aitor Biainek egin duen dokumentalean argi ikusten da Oñatin zer nolako garrantzia izan duen ziklokrosak eta ezinbestean sartu behar da Oñati lasterketen egutegian", dio barrez Arkauzekn.

Aitor Biainen dokumentala

1953an mundu mailako ziklokros txapelketa egin zen Oñatin eta hori aitzaki hartuta egin du Aitor Biain gazteak 1953, historia pedalkadaz izeneko dokumentala. Egubakoitzean bota zuten zinema aretoan, ziklokros taldearen aurkezpena egin aurretik. Lasterketa haren garrantzia eta haren aurretik eta ondoren Oñatin txirrindularitzaren alde egindako lana jasotzen ditu argazki, agiri eta irudi zaharrekin eta lekukoen adierazpenekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak