Lehenik eta behin, lehiaketaren aurkezpena egingo da; arauak eta gosaria emango zaie parte-hartzaileei Oñatiko gaztelekuan, 08:00etan. Generoa, gaia eta erabili beharko duten objektua erabiliz landu beharko dute ikus-entzunezkoa eta antolatzaileek emandako hamar tokitatik bi lekuren irudia agertzea ezinbestekoa izango da. Horretarako, 19:00ak arte izango dute lana amaitu eta entregatzeko.
Gero, 20:00ak arte luntxa izango da gaztelekuan, 21:00etan parte-hartzaileen photocall-a eta 21:30ean lan guztien proiekzioak Santa Ana antzokian. Egunari amaiera emateko, berriz, sari banaketa izango da, eta, talde irabazleak zeintzuk diren jakin ondoren, parte-hartzaile guztien argazki erraldoia egingo da.
Lanen iraupena, tituluak kontuan hartu gabe, minutu batekoa izango da eta gehienez hiru minututakoa, tituluak barne. Horrez gain, parte-hartzaileek beharrezkoa duten materiala eroan beharko dute eta lanak .avi edo .mov formatuetan entregatu beharko dituzte antolakuntzak emandako USB batean. Taldeek hamaika ordu izango dituzte ikus-entzunezkoak egiteko eta tentsioa izango da lana entregatzeko azken momentuan. Beraz, ideia on bat pentsatzea, azkarra izatea, denbora ondo neurtzea eta ikus-entzunezko teknikak ondo erabiltzea izango da gakoa.
Aurten, gainera, berrikuntzekin datoz OLRko antolatzaileak. Alde batetik, gosaria izango da aurkezpenaren ondoren Oñatiko gaztelekuan, eta beste aldetik, edizio honetan sari bereziak egongo dira.
Sari bereziak aurten
Irabazleak 300 euroko saria jasoko du, bigarren geratzen denak 150 eurokoa eta hirugarren taldeak, berriz, 100 eurokoa. Horrez gain, publikoaren saria irabazten duen lanak 100 euroko saria jasoko du eta gizonezko eta emakumezko onenen sariak ere egongo dira, aurten berezitasuna dena.
Izen-emate epea zabalik
Iaz izan zuen arrakasta ikusita, izena ematen duten lehen hogei taldeek bakarrik hartu ahal izango dute parte lehiaketan. Izan ere, iaz hamazazpi taldek hartu zuten parte lehiaketan, eta muga jarri dute aurten. Ruben Idigoras OLR ko antolatzaileetako baten esanetan, "parte-hartzaile kopuru maximoa taldeko hamar kidekoa izango da eta astelehenean izen-ematea zabaldu zenetik hamar taldek eman dute izena". Izena emateko azken eguna azaroaren 8a da. Lehiaketan parte hartu nahi duenak datuak bete beharko ditu http://olrallya.wix.com/olrallya webgunean dagoen dokumentuan, eta gero olr.antolakuntza@gmail.com helbidera bidali beharko du formularioa. Izena ematen duen taldeak lehiaketa barruan dagoen baieztapena edo ezeztapena itxaron beharko du lehiaketa barruan edo kanpoan dagoen jakiteko, eta mezu bat jasoko du erantzunaz.
Iazko lehiaketako Txantxiwood taldeko partaideak lehen sariarekin. | OLR