VI. trikiti jaialdian, hainbat belaunalditako doinuak entzungai

Sarrerak agortuta daude. Gauean, baina, erromeria irekia izango da gaztelekuan eta herritarrak animatu nahi izan dituzte antolatzaileek.

Azken urteotan trikiti zaletasuna areagotu egin da herrian. Akaso, izango du zerikusirik Lizargarate elkarteak horretan. "Egia da, azken urtetan gorakada handia bizi izan duela trikiti munduak. Ikusi besterik ez dago Herri Egunean zenbat gazte irteten diren trikitia eta panderoa jotzen", esan du Mailaren Barrena Lizargarate elkarteko kideak. Hala ere, zuzenean elkartearen eragina izan denik esatera ez da ausartu: "Baina indarra eman diola esango nuke baietz. Izan ere, urtero antolatzen ditugu bi edo hiru ekintza".

Bada, asteburu honetan egingo dute dagoeneko urteroko ohitura bilakatu den trikiti jaialdia. Goi mailako trikitilariak igoko dira, gainera, Santa Ana antzokiko taula gainera [ikus taula]. Jaialdia 17:30ean hasiko da.

Jaialdian, hainbat belaunaldi

Hainbat belaunalditako trikitilariak elkartuko dira zapatuan. "Urtero ukitu berezia eman nahi izaten diogu jaialdiari. Iaz, adibidez, parte-hartzaile guztiak emakumezkoak izan ziren edo beste urte baten soinu-berbak saioa egin genuen Oñatiko Bertso Eskolarekin batera. Aurten, belaunaldi ezberdinetako jendea gonbidatu dugu. Eta egia esan, erakarri du jendea, ia astebete da-eta sarrerarik gelditzen ez dela", dio Barrenak. Zehaztu du kanpotik ere jende asko datorrela ikuskizunera. Izan ere, Oñatitik kanpora ere hartu du izena jaialdiak.

Parte-hartzaile bakoitzak hiru edo lau pieza joko ditu, eta estilo modernoagoak zein tradizionalagoak nahastuko omen dira. "Arrasateko Irati Gutierrez eta Amets Ormaetxearen estiloa modernoagoa dela esango nuke, adibidez", adierazi du Barrenak. Bestalde, zehaztu du Xabier Etxanizek beste inon jo ez dituen piezak estreinatuko dituela Oñatin –berak idatzitakoak–.

Trikiti eta trikiti doinu artean, bertsoak entzuteko aukera ere egongo da Santa Anan. Izan ere, bi bertsolarik egingo dituzte jaialdiko aurkezle lanak: Iker Zubeldiak eta Iban Urdangarinek.

Afaria eta erromeria

Jaialdiaren ostean, afaria egingo dute Oñatiko Gaztelekuan –astelehena zen txartelak erosteko azken eguna–. Ehun lagun inguru elkartuko dira. Ondoren, erromeria izango dute –23:00etan hasita–. "Azpimarratu nahiko genuke erromeria irekia dela eta afaltzen egongo ez dena ere sartu ahal izango dela. Sarrera doan da, eta beraz, herritar denak animatu nahi ditugu", argitu nahi izan du Barrenak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.