Norgehiagoka hasi eta bosgarren minutuan heldu da etxekoen lehenengo gola. Palaciosek korner bat buruz ondo errematatu ostean zulatu du Ostadarrekoen atea. Serranoren mutilek arrisku handia sortu dute kornerretan eta estrategiaren fruitu aukera asko izan dituzte. Zelai erdian ere presioa ondo egin dute oñatiarrek, Lasartekoen jokoa oztopatuz eta kanpokoei baloi luzeekin jokatzera behartuz. Zelaia oso azkar zegoela aprobetxatu dute Aloñakoek arerioaren defentsaren bizkarra irabazi eta hegaletatik hainbat erdiraketa egiteko. Bigarren gola, atsedenaldira heldu aurretik lortu dute; Aginagalderen baloi luzea buruz orraztu ostean, Aiastuik defentsari bizkarra irabazi eta atezaina goitik menperatu du. Azken bost minutuetan Ostadarrekoek gol aukerak izan dituzten arren, Aginagalde atezaina oso fin ibili da eta aldagelara bi goleko abantailarekin eta sentsazio onekin joan dira oñatiarrak.
Bigarren zatian ere kontrola etxekoek izan dute Ostadarrek aukerak sortu dituen arren. Hirugarren gola Juaristik egin du area ertzetik ateratako falta bat bikain aprobetxatuz. Hiru puntu baino gehiago lortu dituzte gaur Serranoren mutilek.