Mendi bizikleta ibilaldi arrakastatsua Oñatin Iban Altuberen omenez

Eneko Azkarate 2014ko urr. 12a, 18:30

Kirola egitea, txirrindularitzaren alde horrenbeste lan egin zuen Iban Altube zena omentzea eta minbizia duten familia gipuzkoarrei laguntzea. Horiek helburu nagusiak. Eta ondo baino hobeto betetakoak Oñatin atzo goizean egindako mendi bizikleta ibilaldian [ARGAZKIAK].

Eguraldia ere lagun, goizeko lehen orduan euri apur bat egin bazuen ere. Osterantzean, hego haizearen laguntzarekin, normaltasunez eta lagun giroan, egin zuten Iban Altuberen omenezko IV. martxa, ume zein nagusiendako.

180 bat lagun irteera puntuan, 37 kilometroak egiteko. Ibilbide berria aurten. Hori ere ondo. Arantzazutik eta Iturrigorritik barrena. Jaitsiera gogorrekin. Gustukoa izan zuten parte hartzaileek, Oñatikoak gehienak, baina baita beste leku askotatik etorritakoak ere. Eta inork ez zuen minik hartu.

Oñatiko mendi bizikleta ibilaldia galtzear zela, antolaketa lanetan ibiltzen ziren Adrian Chohan eta beste batzuk nekatuta zeudelako, lekukoa hartu zieten haiei Iban Altubek eta lagunek. Baina horretan ekin eta berehala hil zen Altube. Horregatik hartu du ibilaldiak Ibai Altuberen izena duela lau urtetik hona. Eta, hain justu ere, egunari hasiera emateko, aurreskua dantzatu zuten, lehenengo, Iban Altuberen argazkiaren aurrean. Lore sorta ere eskaini zioten Altuberen emazteari eta bi semeei.

"Dena atera da ondo"

Markel Irizar txirrindularia, Altuberen lagun eta ibilaldiaren antolatzaileetako bat, oso pozik aurkitu genuen amaieran. "Dena atera da ondo". Hark izan zuen, gainera, txikienak gidatzeko ardura. Guraso zein txiki, 80 bat lagun elkartu ziren Foruen Enparantzan. "Kirol ikuspegitik gauza asko antolatzen dira Oñatin, baina umeendako gutxi. Eta aurten ere protagonismoa izan dute txikienek".

Ondo egindakoak nabarmendu

Luntxa, musika eta beste ere izan ziren, goiz ederrari amaiera borobila emateko. Arratsaldeko lehen ordurako dena txukun utzi zuten. Markel Irizarrek eskerrak eman nahi izan dizkie laguntza eman duten guztiei eta, bereziki, Oñatiko Udalari, erraztasunak ematearren. "Txarto egindakoak nabarmentzen dira askotan, baina ondo egindakoak ere azpimarratu behar dira".

Gipuzkoako Haur Monbizidunen Gurasoen Elkarteari (Aspanogi) laguntzea izan da aurtengo helburuetako bat eta izen-emate sariari euro bat kendu zaio elkarteari emateko. Markel Irizarrek gogora ekarri zuen urriaren 26an beste ibilaldi bat izango dela Zarautzen Aspanogiren alde, Porrotx eta Marimototsen emanaldi eta guzti. "1.500 bat lagunendako ikuskizuna, bizikleta ibilaldia… Lan asko izaten da, baina han aritzen gara gustura, Haimar Zubeldia-eta ere bertan direla".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak