Zaharkitutako hoditeria aldatzen dabiltza Olakuan

Irati Goitia 2014ko urr. 7a, 10:02

Olakua auzoan ur hoditeria berritzeko lanetan dabiltza. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak dihardu horretan eta bertatik adierazi dute hoditeria zaharkituta dagoela eta horregatik egingo dituztela aldaketak.

Ur edangarriaren hoditeria nagusia da aldatuko dena, zehazki. Ur kontsortziotik azaldu dute hoditeria hori zaharkituta dagoela eta ur-jarioak izateko aukera dagoela. Horrela, arazoak saihesteko asmoz, fibrozementuzko hodi zaharrak aldatuko dira burdinazko edo polietilenozko berriak jarriz. Hoditeria nagusia da aldatuko dena; ez bertatik eraikin edo etxe bloke bakoitzera doazenak. Izan ere, horiek aurreko urteetan aldatu dira.

Olakuako 1 zenbakidun bebarrutik 9 zenbakira egingo da hoditeria aldaketa, auzoaren alde zaharrenean, hain zuzen. Orain dela hiru bat aste hasi zituzten lanok eta hasiera batean sei-zazpi astetan dena bukatuta izango zutela pentsatzen bazuten ere, zertxobait luzatuko direla jakinarazi dute Ur Kontsortziotik.

Eragozpenak

Lanok egiteko hainbat zanga ireki dituzte auzoan eta hainbat eragozpen sortu dizkiete auzotarrei. Bada, Ur Kontsortziotik pazientzia eskatu diete bizilagunei. Eta gaineratu, badakitela hainbat arazo sortu dizkietela obrek, baina "euren onerako" izango direla.

Lanek ez dute trafiko mozketarik eragingo. Hala ere, errepide bazterrak zulatzen ari direnez, gidariei inguruetatik arretaz eta abiadura txikian ibiltzeko eskatzen zaie. Horretaz gian, ohartarazi dute zenbait aparkaleku okupatuta egongo direla egun batzuetarako eta lanak egin bitartean zenbait garajetarako sarrerak ere zulatuko direla. Kasu horietan, autoa sartu edo atera ahal izateko txapak jarritako dira, zuloak estaltzeko. 

Bestalde, ur mozketak ere izango dira hodien arteko konexioak egin behar direnean Ur Kontsortziotik adierazi dutenez, baina ez dago zehaztuta noiz izango diren. Zehaztu dute programatzen direnean jakinaraziko zaiela auzotarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak