Mozorroa jantzi eta kalera, jaietako azken egunean

Oihana Elortza 2014ko urriaren 6a

Errore bat gertatu da bideoa igotzeko orduan. Saiatu berriro edo jarri gurekin harremanetan.

Errosaixo Bixamona eguna da gaur, jaietako azkena, eta mozorro koloretsuekin eta giro onean emango diete amaiera festei oñatiarrek. Eguraldi eta giro ederrean igaro dute asteburua, zapatuko Herri Eguna, bereziki, eta gaur egingo dute azken txanpa [EGITARAUA].

Guztientzako moduko egitaraua izango da gaur ere. Goiztiarrenek bigantxen aurrean korrika egiteko aukera izango dute, 09:30ean sokamuturra izango da-eta Foruen plazan, Arno ganadutegiko zezenekin. Arratsaldean ere egingo da sokamuturra, 17:30etik 19:30era, hain zuzen ere.

Indarrak hartzeko aukera ona izan daiteke txosnagunean egingo duten paella-jana, 14:30ean.
Musikarik ere ez da falta izango gaur: 12:00etan, Oñatiko Musika Bandak kalejira egingo du herriko kale nagusietan. Arratsaldean, berriz, Psycho-Clown bertsio taldeak egingo du kalejira ibiltaria. Txosnagunean Di-bertsioak izango dira, 18:00etan hasita, herriko musikarien eskutik. Eta Foruen plazan Lisker taldearekin dantzaldia 20:00etan eta 23:00etan.

Karrozak uzteko tokia

Mozorroekin batera, karroza, osagarri eta traste asko atera ohi ditu jendeak kalera gaurko egunez. Horietako batzuek traba egiten dute egunak aurrera egin ahala. Horregatik, aurten ere traste horiek uzteko tokia egokitu du Udalak. Behar ez diren tramankuluak Lizaur kalean horretarako prestatutako tokian utz daitezke. Brigadako langileek dagokion tokira eramango dituzte gero handik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak