Emakumeendako tailerrak Jabekuntza Eskolan

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko urr. 2a, 12:45

Dantza afrikarrak, batukada feminista eta emakume zaintzaileendako tailerra dira eskaintzak. Eteon izango dira eskolak eta saioen egutegia prest du Andraitzek.

Dantza afrikarrekin emango dio hasiera ikasturte berriari Oñatiko Jabekuntza Eskolak, gorputzaren perspektiba ezberdin bat garatzeko eta transmititzeko helburuarekin. Urriaren 8an izango da lehen saioa, eta asteazkenero emango dituzte abenduaren 17ra arte. Eteon izango dira saioak, 18:00etatik 19:30era, eta Anne Agirre izango da irakaslea, berdintasun agentea, antropologoa eta Afrikako kultura arlo ezberdinetan aztertzen dabilena. 

Horrez gain, baina, batukada feminista eta emakume zaintzaileendako ikastaroa ere antolatu ditu. Batukada astelehenetan izango da, Eteon, 18:00etatik 21:00etara. Urriaren 13an hasiko da eta martxora arte luzatuko. Emakume zaintzaileendako tailerra, berriz, eguenetan izango da, urriaren 16tik abenduaren 11ra. Hori ere, Eteon.

Emakume guztiendako

Oñatiko Jabekuntza Eskola Andraitz emakume talde feministak sortutakoa da, emakumeen topaketarako, formaziorako eta gogoetarako gune izateko. "Elka eta elkarrengandik ikasteko, emakumeon arteko harremanak saretu, bultzatzeko edo ondo pasatzeko topalekua izatea" gura du Andraitzek

San Juan kalean

Tailer hauek Oñatiko emakume guztiei daude zuzenduta eta plazak mugatuak dira; gutxienez zortzi pertsona eta gehienez, 25. Prezioari buruz, langileek 30 euro ordaindu beharko dute, langabetuek eta ikasleek, berriz, 15 euro.

Informazio gehiago gura izenez gero, San Juan kalean du egoitza Andraitz taldeak. Helbide honetara idatzita ere jarri daiteke eurekin harremanetan: a.jabekuntzaeskolaABILDUAgmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak