Oñatiko jaiak 2014: 'Iparragirre Oñatin'

Txomin Madina Milikua 2014ko ira. 28a, 21:42

Olaitturri Kultur Elkartekoen Iparragirre Oñatin ikuskizunarekin, bi aldiz bete zen goraino atzo Santa Ana aretoa. Antzerkiaren eta kantuen bidez, Joxe Mari Iparrgirreren bizitza ezagutzeko aukera aparta izan zen, eta ikusleek txalo zaparrada beroarekin saritu zuten herrikideen lana.

Nire maitearentzat, Trapu zaharrak, Nire amak baleki, Agur Euskal Herriari... Eta nola ez, Gernikako Arbola. Joxe Mari Iparragirrek bere garaian idatzitako abestiak dira, gaur egun oraindik ere askoren buruan daudenak, eta horiek guztiak, eta beste asko, entzun ahal izan ziren atzo Oñatin, Olaitturri Kultur Elkartearen Iparragirre Oñatin antzezlanean. Bi emanaldi izan ziren, eta bietan lepo bete zen Santa Ana aretoa; denera, 550 ikusle inguru izan ziren.

"Iparragirreri omenaldi txiki bat egin gura genion: hitzekin bere bizitza kontatu, eta bere abestiak kantatu ere bai. Osagarriak izatea gura genuen", zioen antzezlanaren idazle Inazio Irizarrek lehen emanaldiaren ostean. 1880an Oñatiko Sanmigeletara egindako bisita ardatz hartuta, obrako pertsonaiek, euren elkarrizketen bidez, Urretxukoaren bizitza errepasatzen dute: bere maitaleak, Europan eta Amerikan bizi izan zen denboraldiak, Euskal Herrira itzulera... Irizarren gidoiak, gainera, euskalkiekin ere jolasten du: Oñatiko pertsonaiek oñatiera jatorrean berba egiten zuten; kanpoko pertsonaiek, aldiz, batuan. 

Abestietan ere, ederki

27 aktore igo ziren denera agertokira, eta Olaitturrikoez gain, Pake-Lekuko; Oñati, Ganbara eta Parrokiako abesbatzetako; eta bertso eskolako kideek ere hartu zuten parte obran. Soinuak, gitarrak edo pianoak lagunduta abestu zutenen artean, batzuk ohituta zeuden jendaurrean aritzera; beste batzuk akaso ez hainbeste. Baina denek ere, ikuskizun ederra eskaini zuten. Kantu bakoitzaren ostean eta emanaldia bukatzean entzun ziren txalo zaparradak entzunda, badirudi herrikideak konbentzitu zituztela.

Sarrera doan zen arren, ikusleek Hermansoloña elkartearen Nazareth proiektuarendako dirua emateko aukera izan zuten, eta elkartekoek, eskerrak eman gura izan diete bai Olaitturriri eta lagundu duten guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak