Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta gazteen aisialdirako begiralea izeneko titulua euskaraz eta Oñatin bertan ateratzeko aukera eskainiko du udalak. Donostiako Urtxintxa eskolako irakasleak etorriko dira Oñatira ikastaro hau ematera eta teoria eta praktika orduak izango ditu.
Zapatuetan emango dituzte ordu teorikoak, 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Asteburu osoko hiru saio ere egingo dituzte, baina datak zehazteke daude oraindik.
Ikastaro honek 200 orduko formazioa izango du eta Urtxintxa eskolako adituek azaldu dutenez, hamaika ezagutza ezberdinetan banatu dute irakasgaia. Hala, jorratuko dituzten gaien artean daude, adibidez: pedagogia, kultur aniztasuna, jolasak, euskararen erabilera nolakoa izan behar den aisialdi taldeetan, sexu heziketa, gizarte trebetasunak, heziketa premia zehatzak, arte adierazpena eta talde dinamika, besteak beste. Titulua lortzeko 120 orduko praktikak ere egin beharko dituzte ikasleek.
Diru laguntza
Ikastaroaren matrikularen prezioa 500 euro da eta izenematea irailaren 26ra arte dago zabalik. Plazak mugatuak dira, baina oñatiarrek lehentasuna izango dute. Langabetu edo ikasle direnei matrikularen %75a ordainduko die Udalak eta gainerakoei, erdia, %50a.