Tenis pistak itxita daude, estaltze lanak egiteko

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko ira. 19a, 11:00
Umeak tenisean jolasten uztailean, udako kirol kanpainaren barruan

Beheko pistako lurzorua berritzen hasi dira eta estalkiak harmaila ere babestuko du euritik. Aurten ez da San Migel jaietako tenis txapelketarik jokatuko.

Kiroldegiko tenis pista biak daude itxita, horietako bat estaltzeko lanak aste honetan hasi dituzte-eta. Lanak bukatu bezain azkar zabaltzea da udaleko kirol zerbitzuen nahia, baina litekeena da lanak urte bukaera arte irautea. Aurten, beraz, ez da San Migel jaietako tenis txapelketarik jokatuko.

Joko azkarra

Beheko tenis pista da tapatuko dutena. Estalkiak uhin forma izango du, eta pista ez ezik, harmaila ere babestuko du euritik. "Estalkiarekin, neguan ere jokatu ahal izango da tenisera. Eta baita edozein iluntzetan ere. Izan ere, argiztapena izango du pista berrituak, eta askoz ordu gehiagotan jokatu ahal izango da horrela. Hala ere, argiztapen natural gehien ahalbidetzen duen estalkia jarriko da. Hala, egunez zein gauez, bietan jokatu ahal izango da ondo", azaldu du Oskar Carrascalek, kirol teknikariak.

Estalkia jarri ez ezik, zorua ere berria izango du gero beheko tenik pistak. "Lurzorua jasotzeko lanak izango dira egingo dituzten lehenak. Zoladura sintetikoa jarriko da gero, oraingo jokoa baino azkarragoa izango da gerokoa", adierazi du Carrascalek. Gainera, igerilekuko terrazan eta kantxa berdeko harmailetan dauden itoginak konpontzeko ere aprobetxatuko dituzten lan horiek.

Estalkia urrian jarriko dute eta horrek eragina izango du saihesbideko zirkulazioan; semaforoak jarriko dituzte. Egunak zehazteke daude oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak