Martitzenean hasiko dira danborradako entseguak, Oñatin

Atzo iluntzean egin zuen agerraldia Oñatiko kultur etxean danborrada antolatuko duen batzorde berriak. Antolakuntzako kideek ez ezik, danborradan parte hartuko dutenetako batzuk ere hartu zuten parte aurkezpenean. Han eman zuten aurtengo danborradako entseguen berri: Martitzen eta eguenetan 20:00etan eta hilaren 21ean, domeka, 16:30ean, egingo dira horiek. Irailaren 25ekoa, eguena, izango da entsegu orokorra. Kiroldegiko frontoian egingo dira guztiak eta danborradan parte hartuko duten konpainia guztiek elkarrekin entseatuko dute. Bertan parte hartu gura dutenek, hilaren 23ra arte izango dute horretarako aukera.

30 bat lagun batu ziren atzo iluntzean argazkirako eta beste behin, antolakuntzan zein danborradan bertan parte hartzeko deia luzatu zien herritarrei. "Aurreko urteetan egin den moduan herriko jaiei ongi etorri paregabea egingo diegu danborrada zabal, koloretsu eta anitz batekin. Deia luzatu gura diegu bai antolakuntzan eta bai danborradan parte hartuaz bere ekarpena egin gura lukeen herritar orori", esan zuen antolakuntzako kide Iñaki Igartuak.

Antolakuntza berriak era berean, aurtengo danborrada antolatu ez ezik, hurrengo urteetara begira ere "bide beretik lan egiteko konpromisoa" erakutsi du.

Konpainia guztiak eta Acesma

Orain arte danborradan atera diren konpainia guztiak aterako dira aurtengoan ere San Migel bezperako danborradan: horiei gehituko zaizkie Acesma elkartekoak. Entseguak elkarrekin egingo dituzte –ez orain arte bezala, izan ere, azken bi urteotan Txozna Batzordeko konpainiak bere aldetik entseatu izan du–, eta esandako moduan, hilaren 25ean izango da entsegu orokorra. Egun horretan dantzariak batuko zaizkie gainontzekoei, izan ere, horiek euren aldetik dihardute entseatzen; astelehen eta eguaztenetan batzen dira horretarako.

Entseguak eta izen ematea

Martitzen eta eguenetan, arratsaldeko zortziretan elkartuko dira kiroldegiko pilotalekuan danborrak astintzeko; hau da, hilaren 16an, 18an, 23an eta 25ean –egun horretan izango da entsegu orokorra–. Aurretik, 19:00retan, batzordea batuko da. Irailaren 21ean, domeka, 16:30etan izango da entsegua, toki berean.

Bestetik, oraindik ere parte hartu gura dutenek badute horretarako aukera, hilaren 23ra arte zabalik baitago izen emate epea. Kiroldegian egin ahal izango da hori, entseguan bertan.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.