Joan den egubakoitzean, irailaren 5ean, bete ziren bi urte Antixeneko etxea herriko gazte batzuek okupatu zutela. Ospakizunak, baina, bihar egingo dituzte Ez goiaz etxera! lelopean. Egun erdiko jaia antolatu dute. "Hasierako asmoa egun osoko jaia antolatzea zen, baina egun horretan Oñatin zein Debagoieneko beste herri batzuetan ere askotariko ekitaldiak daudenez, egun erdiko egitaraua antolatzea hobetsi genuen, gaztetxeko ospakizunetan parte hartzen dutenek ere trabarik izan ez dezaten beste batzuetara hurbiltzeko", esan dute asanbladako kideek. Hala, haurrentzako jolasak egingo dituzte Foruen plazan 10:00etan hasita, 12:30ean gazteen lokal poteoa gaztetxetik abiatuta eta 14:30ean urteurren bazkaria kale Zaharrean. "Bi urte hauetan zehar gaztetxea aurrera ateratzeko lan egin duten guztiak, eta hemendik aurrera egingo dutenak daude gonbidatuta bazkarira", adierazi dute gazteek. Bide batez, gaztetxeko tabernan asteburutan lan egitera animatu nahi dituzte koadrilak. "Dagoeneko txandak antolatzeko taula gaztetxean dago", diote.
Bestalde, urteurrenerako kamiseta berriak atera dituzte, Arrasateko gaztetxekoen laguntzarekin. Aurrealdean leloa daramate eta atzean Antixeneko gaztetxearen irudia.