Naturarekin lotura estuan
Paisajea eta haizea dira Islandiaz galdetuta datozkion lehenengo hitzak: "Zeharo lelotuta eman ditut hamabost egun, hango paisajearen edertasunaz lelotuta". Geiserrak, glaziarrak, mendiak, sumendiak, ur-jauziak, itsasoa... Toki paregabea da Islandia naturaren artelanez gozatu gura duenarentzat. Arerio bakarra izan dute oñatiarrek: haizea. "Haizearen kontra egin ditugu kilometro guztiak. Borroka gogorra izan da", dio Chohanek irribarretsu. Eta gaineratu du: "Gomendatuko nieke hara joan gura duten guztiei uda sasoian egiteko. Oso garai polita da, eguraldi onaz gozatzeko aukera bakarra. Neguan joaten denak aurora borealak ikusiko ditu, eta hori ere ez da gutxi".
Abenturarako ongi prestatua
Bizikletan ibiltzeko toki ona da Islandia, oñatiarraren esanetan. Hori bai, ondo prestatuta joatea garrantzitsua da: "100 kilometroko tartean, toki batzuetan, ez dago ezer. Jatekoa eta edatekoa behar-beharrezkoak dira, eta baita arropa ona eramatea ere". Bestelakoan, Chohanen arabera, toki erosoa da naturarekin lotutako turismoa egin gura duenarentzat.
Oroitzapen onak, denak
Ez du oroitzapen txarrik ekarri Islandiatik Chohanek. Hango biztanleez ere iritzi ona du: "Han entzun nion bati Islandia artiko tropikala zela esaten, eta asko gustatu zitzaidan. Hango jendea oso atsegina da".