EAJk proposamen bat baino gehiago egin zizkion Udal Gobernuak prestatu zuen araudiari, eta Bilduko zinegotziek guztiak onartu zituzten. Hala, eta beste batzuen artean, baratze horietan erabiliko den konposta bertan sortutakoa izango dela onartu zuten, eta gehiagoren beharra izanez gero, auzo konpostan sortutakoa erabiliko dela. Euri-urak aprobetxatzea, erabiltzaileek sortu behar duten elkartearen funtzioak zehaztea eta baratza eredu horrek herriko nekazarien merkaturatzea ez oztopatzea ere onartu zituzten, adibidez.
Izena eman behar da
Interesa duten guztiek eman behar dute, baita lehen eman zutenek ere. Udalbatzak erregelamendua behin betiko izaeraz onartu ostean zabalduko da izena emateko epea. 10 eguneko epea izango dute herritarrek izena emateko, eta beste 10 egongo dira onartuen eta ez onartuen zerrendari alegazioak jartzeko. Behin betiko zerrenda argitaratu ostean, zozketa egingo da. Azken sei hilabetetan Oñatin erroldatuta egotea beharrezkoa da izena emateko, baita ortua erabiliko den epean ere. Lizentziak bost urterako izango dira.