Brigadistek kanporaketa horren berri eman gura izan dute. Hona kronika:
"Euskal Herritik Saharar herrialde okupatura joandako kideak gara. Ikusita bertaratu ziren aurreko brigadako kideak arazo ugari eduki zituztela eta kanporatuak izan zirela, gure plangintza moldatu beharra izan genuen gure helburua lortzeko, hau da, Al aiunera iritsi eta bertako eragileekin lan politikoa burutu. Egun batzuk Marruekos eta Saharar herrietan zehar, Marrakech, Sidi Ifni, Dakhla... turismo egiten pasa ditugu diskrezio osoz. Saharar lurralde okupatura sartzearekin batera, presentzia poliziala nabarmen areagotzen dela konturatzea ez da batere zaila, kontrolak, kalean militarrak, armadaren eraikinak, harresiak non nahi etab. luze bat. Egon garen herrietan txakurren jarraipenak eduki ditugu 24 orduz, nahiz eta hondartza besterik ez zapaldu.
Atzo Dakhlatik Al Aiaunera bidean irten ginen. Bertan hainbat eragilerekin biltzeko asmoa genuen. Ibilbidean zehar zazpi kontrol igaro genituen, guztiak nahiko lasai joan ziren azkena izan ezik. Azkenekoan autobusetik jaitsarazi gintuzten, kalez jantzitako 40 polizia inguru genituen itxaroten. Poliziak aztoratuta zeuden; hara eta hona korrika, guri grabatzen eta argazkiak ateratzen... Horrela, inolako argudiorik eman gabe Al Aiaunera sartzerik ez genuela esan ziguten, horren aurrean eta ahal genuen neurrian guretzat jarritako dispositiboa eta debekuaren gainean galdetu genien.
Giroa gaiztotzen eta poliziak are gehiago aztoratzen ari zirela ikusirik taxian sartu ginen. Taxi bakar batean sei pertsonak 700 kilometro inguru egin genituen eta goizeko 6tan hirira iritsi ginen, nora jo ez genuela.
Saharako lurralde okupatuetatik kanporatuak izan arren, gure lana ez da amaitu eta Marruekoseko hainbat eragilerekin elkartzen saiatuko gara.
Hemendik deialdia luzatzen dugu Saharar herriaren aldeko aldarrikapenez gure herrietako kaleak betetzera.
Agadir 2014ko abuztuaren 26a".