Duela 80 urte baino gehiago Aurreko Mendian dagoen Asalditta izeneko gunean arrakasta handia zuten jaiak egiten ziren urtero. Inguru horretako Antzuola, Bergara eta Oñatiko baserritarrak joaten ziren, elkarrekin jaiak ospatzera.
Arrazoi bategatik edo besteagatik antolatzeari utzi zioten eta duela 50 urte sortu zen Lizargarate Elkarteak jaia berreskuratzea pentsatu zuen. Egun, Oñatiko Lizargarate Trikitizala Ellkarteak antolatzen du, udalaren laguntzarekin.
Abuztuko azken domekan ospatzen da, eta urteroko zita izaten da askorendako. Herri kirolak ikusteko eta bazkaltzeko elkartzen dira asko. Inguruko baserritarrez gain, baita herritarrak ere. Aurten ere horrelaxe izan da eta 9 urtetik hasi eta 97 urte arteko herritarrak parte hartu dute.
Hamaiketakoa, herri kirolen ikuskizuna, Laja eta Lutxurdixoren emanaldia Oier Kortabarria bateria jolearekin, herri bazkaria eta merienda egin zituzten abuztuaren 24an.
Antolatzaileen esanetan primeran ibili ziren eta eskerrak eman gura die parte hartu zuten denei.