"Dilatazio-juntura konpontzeko behar handia zegoen, eta hain justu, abuztua aukeratu dugu konponketa egiteko, pentsatzen errepidean ibilgailu gutxiago ibiliko zela, baina harrituta gaude ikusi dugunean hemen dagoen mugimendua", esplikatu dute Diputazioko langileek. "Pentsatu dugu zirkulazioa mozteke egitea lanak, baina arriskutsuegia iruditu zaigu eta horrexegatik eten egin dugu. Edozelan ere, arratsalde bateko kontua da, gaur hasi eta gaur bukatuko dugu guztia", gaineratu dute.
Eta halaxe izan da. Atzo (martitzena) hasi eta bukatu zituzten obrak. Bien bitartean, baina, gidari baten baino gehiagoren haserrea entzun behar izan dute obrako langileek. Izan ere, errail bat itxi egin behar izan dute konponketa egiteko, biribilgune barruan, Oñatitik Arrasaterako noranzkoa, hain justu.
Horren ondorioz, Oñatitik etorri eta Arrasatera joan gura izan duten ibilgailu handiek Bergararako biribilguneraino joan behar izan dute buelta emateko, Lurraldebusen autobusek, esaterako.