Otordu on eta osasuntsuak, etxeko ateraino

Bidebarrin, Juanek (argazkian) edo beste langile batek bezero bakoitzaren janaria kaxa baten antolatzen du.

Bazkaldu edo afaldu, modu osasuntsuan eta kalitatezko produktuekin, norberaren beharretara propio prestatutako modura, eta norberak ezertxo ere egin gabe –erostera joan, janaria prestatu, gerokoak garbitu…– 4,55 euroren truke egin ahal izanez gero, zenbatek esango lukete baietz, bi aldiz pentsatu gabe?

Bada, aukera hori dagoeneko badago Debagoienean eta, hala ere, oraindik ez du jende askok erabiltzen. Oñatiko Bidebarri enplegu zentroak (giza txertatze enpresa da) ematen du eta Debagoieneko eta inguruko udaletako gizarte zerbitzuek gomendatzen diete adinekoei, batez ere sukaldean ibiltzeko mugak dituztenei edo, beste barik, bizi kalitate hobea izan dezaketenei.

Sistema oso samurra da: bazkariak, afariak edo bazkariak eta afariak jasotzeko izena eman daiteke, bakoitza dagokion prezioan. Errenteriako Sutondo enpresak prestatzen ditu jatekoak: bi plater eta postrea otordu bakoitzeko. Plater bakoitza hutsean ontziratzen dute eta bezero bakoitzari dagozkion aste osoko jatekoak kaxa baten bidaltzen dituzte Zubillagara. Han, Bidebarriko langileek banaketa-kaxetan ipintzen dute dena, behar bezala ordenatuta –are erosoagoa izan dadin, azkenengo jan behar diren platerak kaxaren barrenean daude, eta lehenengo jan behar direnak, goian–, eta eguazten arratsaldean banatzaileak norberaren etxera edo bezeroak eskatutako lekura eroaten du aste osoko menua. Lehenengo otordua eguenekoa izaten da. Jatekoekin batera, eguenetik eguaztenera arteko menua dator astero, orri baten inprimatuta.

Gureak taldean sortutako catering enpresa da Sutondo eta honako sistema, batez ere, Donostialdean dago zabalduta.

Garbantzuak eta hostopila 

Etxez etxeko otordu zerbitzu horrek hemeretzi erabiltzaile ditu gaur egun –Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Bergara, Antzuola eta Soraluzeko jendea dago orain–, eta beti hogeiren bueltan ibili izan direla esaten du Bidebarriko arduradunak, Jon Igartuak. Oro har, jendea pozik dabilela diosku: "Normalean, ez zaigu kexarik etortzen, eta hasten denak jarraitu egiten du. Egoten den kexa bakarra hauxe da: barazki larregi daudela esaten dutela batzuek!". 

Izan ere, zerbait badira, osasuntsuak dira bazkari eta afari horiek: Sutondo enpresako dietista batek norberaren beharrak eta osasuna kontuan hartuta diseinatzen ditu menuak. Menu batzuk estandarrak dira; beste batzuk gatz gutxirekin egindakoak dira –nahiz eta Sutondoko plater guztiak dauden gatz gutxirekin eginda, behar bereziak dituztenek eska dezakete oraindik gutxiago botatzeko–, diabetikoendako menuak ere egiten dituzte, azido urikoa zaindu behar dutenendakoak…

Adibidez, 65 urtetik gorakoendako, eguenean bazkaltzeko garbantzuak eta arroza eta, gero, urdaiazpiko eta gazta-hostopila tomatearekin; bukatzeko, jogurta. Afaltzeko, minestrone-zopa eta hanburgesak patatekin; postrerako, fruta. Egubakoitzean, horrek berak azalorea olio errearekin eta azenarioarekin jango du lehenengo; gero, arraina piperradarekin, eta fruta; eta afaltzeko, esparrago-krema eta frijitu bariatuak, eta jogurta. Astean zehar, makarroiak, arrautzaztatutako oilasko-bularkiak, entsaladilla errusiarra, saiheski errea, berakatz-zopa, atun-enpanadillak, zerbak (azelgak) patatekin, dilistak (lentejak) barazkiekin… jango ditu, egunaren arabera.

Bidebarrin, zerbitzu horren arduraduna Ibai Urrutia da, eta, haren esanetan, "normalean, udan, asteko menuak bi barazki-plater –bat, entsalada–, arroz bat eta pasta edo patata-plater bat izaten ditu; afaltzeko, zopak, kremak edo fideoak, baita arraina edo arrautzak ere. Afariak oso arinak izaten dira. Postre gisa, beti fruta edo jogurta".

Neguan, zertxobait aldatzen da eta hiru barazki-plater, bi lekale eta patata-plater bat (patatak beste jateko mota batekin) izaten ditu menu tipiko batek.

Arduradunek diotenez, erabiltzaile batzuek orrian dakarren menua "zorrotz" jarraitzen dute eta beste batzuek gustura aldatzen dute ordena.

Sanoa eta kalitatezkoa 

Jon Igartuak esaten duenez, "oinarrizko sukaldaritza-platerak dira, egunero bazkaltzeko edo afaltzeko janariak; ez da sukaldaritza elaboratua edo artistikoa egiten. Produktu sanoak dira eta kalitate txukunekoak". Oro har, egunero-egunero gustura jateko moduko gauzak dira, dieta oso eta orekatua jarraitzen laguntzen dutenak.

Barietatea ere ziurtatuta dago. "Astetik astera menu desberdina du erabiltzaile bakoitzak; hilean behin errepikatzen da bakarrik", diote arduradunek.

Norberak gustuko ez dituen edo zerbaitegatik jaso nahi ez dituen janariak ez jasotzea ere eska dezake eta hori kontuan izaten dute arduradunek. Adibidea ipintzen dute: "Gizonezko batek ortua dauka eta garaiko barazkirik ez du nahi izaten, berak nahikoa badaukalako".

Bestalde, ontzia ireki eta janaria txarra baldin badago, abisatu eta aldatu egiten diote Bidebarrin: "Sutondotik beti bezero bakoitzarendako kaxak eta, horiez gain, ordezko piezak dituen beste kaxa bat bidaltzen dizkigute. Horrela, zerbait txarra badago, segituan alda daiteke, nahiz eta hori oso-oso gutxitan gertatzen den".

Hozkailuan, ez izozkailuan 

Janariak behin ere ez daude izoztuta; denak daude berotu eta jateko gertu, eta erabiltzaileak ez du beste ezer egin edo gertatu behar. Zazpi eguneko iraungitze-epea dute eta hozkailuan gorde behar dira, baina ez izozkailuan. Ontzi bakoitzean dakar plater horren iraungitze-data zein den.

Ontziak erabilera bakarrekoak direnez, bertatik jan daiteke eta gero birziklatzera bota (elikagaiak dituztenez, enpresak ezin ditu berriz erabili). Bukatzerakoan, bakar-bakarrik mahai-tresnak garbitu beharko dira.

Prezio lehiakorra 

Dagokionean, hileko faktura ere jasoko du bezero bakoitzak. Batzuek bazkariak bakarrik dituzte kontratatuta; beste batzuek, bazkariak eta afariak. Afariak bakarrik hartzeko aukera ere badago. 

Prezioaren gainean, honako hau esaten dute Jon Igartuak eta Ibai Urrutiak: "Sutondok bere sukalde industrialean egindako janariak dira. Astean behin banatzen dela kontuan hartuta, kostuak doitu egiten dira eta bazkari bat, bi plater eta postrearekin, 4,55 euro da, BEZa barne. Oso merke irteten da. Jendeak ikusten duen 4,55 euroko prezio horren truke kentzen da erosketak egitea; bestetik, janariak etxean izan behar izatea, alferrik galtzeko arriskuarekin; sukaldean ibili behar izatea; garbitzea; energia-kontsumoa; lana… " Hori gutxi balitz, bazkaria eta afaria, biak hartuz gero, azken prezioa oraindik txikiagoa da. 

Igartuak honako hau komentatzen du: "Inoiz baino sukalde hobeak ditugu, baina inoiz baino baliabide gehiago ere bai, horien erabilera merkatzeko. Sukaldea noizean behin erabiliko dugu, baina beste baliabide batzuk daude eguneko otorduak egiteko".

Edozein momentutan eman daiteke izena, Bidebarrin bertan edo norberaren herriko gizarte zerbitzuan galdetuta, eta zerbitzua astebetean proba daiteke, inongo konpromisorik gabe; gustura egonez gero, gura den arte jarrai daiteke. "Konpromisoa aste baterako bakarrik da", azpimarratzen du Ibai Urrutiak. Uztailean, Bergarako bi lagun zeuden proba egiten.

Asteroko bisitari ezaguna 

Orain arte bezero mordoa ez, baina oso leialak izan ditu catering zerbitzu horrek. Gehiago zergatik ez dituen galdetuta, honako uste hau azaldu du Jon Igartuak: "Hasieratik adineko jendeari zuzendu genion zerbitzua, eta, halakoetan, ahoz ahoko notiziek eta gomendioek balio dute; erabiltzaile batek beste pertsona nagusi bati esateak astero-astero etxera eroaten diotela bazkaria eta zein ondo gertatzen duten".

Normalean, izena emateko iniziatiba norberak edo bere familiak izaten du, edo gizarte zerbitzuetako langile batek proposa diezaioke. Jendeak ondo hartzen du proposamen hori; izan ere, bakarrik bizi diren eta horrela jarraitu nahi duten adinekoen kasuan, soluzio ezin hobea izan daiteke, lan bat gutxiago eduki eta oraindik burujabe izateko.

Zerbitzua orain dela bi urte jarri zen martxan lehenengo aldiz, eta, orduan, pertsona nagusiei lehentasuna ematen zitzaien. Honela azaltzen du Jon Igartuak: "Udalak eta gizarte zerbitzuek kalera irten ezin zuen edo sukaldean gaizki konpontzen zen adineko jendearendako bultzatu zuten zerbitzua, aste osoko janaria ontzian, etxean izan zezan". 

Gaur egun, interesa duen edozeinek eman dezake izena, nahiz eta, gaur egun ere, erabiltzaile gehienak adineko biztanleak diren. Hala ere, "badago jende gaztea ere", Jon Igartuaren esanetan, eta "sukaldean ibili nahi ez duen edozeinek" eman dezake izena.

Horrez gain, beste abantaila bat: urteko aste guzti-guztietan jasoko ditu bazkariak eta afariak etxean, behin ere hutsik egin gabe. Zerbitzu horrek ez ditu oporrak ez jaiegunak hartzen. Abuztuan ere berdin-berdin banatuko diete jatekoa altan daudenei, kontrakoa abisatu ezean. 

Inoiz gertatu izan da Urteberri eguna eguaztena, banaketa eguna izatea. Kasu horretan, banaketa eguna asteko beste egun batera aldatzen da, erabiltzaileei aurrez abisatuta; horrela, Bidebarriko langileek ere jai har dezakete egun horretan.

Bestalde, Gabonetan edo beste jai berezi batzuetan ere, kontrakoa ez bazaie esaten, ohiko moduan banatzen dituzte janari-kaxak. Ibai Urrutiak dioenez, Gabonetan bereziki, "erabiltzaile askok familiarekin bazkaltzen eta afaltzen dute eta egun horietan otorduak ez bidaltzeko abisatzen dute".

Adinekoekin pentsatze hori dietaz haratago doa: hala, banatzailea beti pertsona bera, aurpegi bera izaten da eta nagusien konfiantza irabazten du astetik asterako bisitarekin. Anekdotak ere badaude, arduradunek kontatzen duten moduan: "Azkenean, banaketa besterik ez bada ere, harremana sortzen da eta banatzailea kafea hartzera eta guzti gonbidatzen dute".

----------

Zerbitzua, begirada baten

Edozeinendako: hasieran, 65 urtetik gorakoendako zen, baina gaur egun edozeinek eman dezake izena. Erabiltzaile gehienak nagusiak dira, baina ez denak.

Hiru plater: bazkari eta afari guztiek bi plater eta postrea –fruta edo jogurta– dute. Afariak arinak izaten dira.

Urtaroko gauzak: neguan, hiru barazki-plater, bi lekale eta patata-plater bat (patatak beste janari batekin) izaten dira asteko menuan; udan, bi barazki-plater, arroz bat eta pasta edo patata-plater bat.

Pertsonalizatuta: gaixotasunen bat duenak hala esan behar du, menuak komeni zaion eran presta ditzaten. Menu estandarrak ere gatz gutxirekin eginda daude, hala ere, osasuntsuagoak izateko.

Norberaren gustura: gaixotasunik edo alergiarik izan ez arren, janari motaren bat nahi ez duenak halakorik ez jartzeko ere eska dezake.

Aste osoan ondo: plater bakoitza hutsean ontziratuta dator Sutondotik. Normalean, zazpi egunean gorde daiteke. Ez dira izoztu behar; denak hozkailuan gordetzeko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.