Oinatur arduratuko da turismo eskaintzaz

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko uzt. 8a, 20:21

Aurrerantzean Oinatur kooperatibak kudeatuko ditu Oñatiko turismo bulegoa, Arrikrutz kobak eta San Migel  errota.

Herriko turismoaren zerbitzu integrala eskaintzea gura du udalak, hau da, enpresa bakar batek kudeatzea herriko turismo eskaintza. Helburu horrekin, deialdi publikoa egin zuen eta Oinatur elkarte kooperatiba izan da aukeratua. "Bisitariei begira, baina, honek ez die aldaketarik ekarriko. Orain arte bezala, telefonoz deitu eta erretserbak egin ditzakete, bai turismo bulegora deituta herria ikusteko, bai Arrikrutzera deituta kobak bisitatu gura izanez gero", azaldu du Garapen eta Turismo Ajentziako teknikaria den Ikerne Altubek. Udazkenetik aurrera, baina, proposamen eta eskaintza berriak egongo dira.

Sei langile

Bi enpresa aurkeztu ziren udalak egindako deialdi publikora: Tantai eta Oinatur. Azken horri esleitu dio zerbitzua. "Bakoitzak aurkeztu duen zerbitzuaren kudeaketa, lan programa, hobekuntzak eta eskaintza ekonomikoa izan dira puntuatuak izan diren arloak", argitu du Altubek.

Aurrerantzean, beraz, Oinatur kooperatibak kudeatuko ditu herriko bi baliabide turistiko nagusiak eta San Migel errota. Enpresa berria izan arren, bertako langileek ondo ezagutzen dute lana, lehen ere hor ibilitakoak dira eta gehienak. Horixe zen gainera, bete beharreko baldintzetako bat. Hau da, Q kalitate turistikoa duen turismo bulego bat edota kobazulo turistikoa kudeatzen esperientzia izatea azken hiru urteetako bitan, gutxienez. Hala, lan horretan aritu diren gidariak daude Oinatur kooperatibaren sorreran.
Garapen eta Turismo Ajentziako teknikaria den Ikerne Altubek adierazi duen moduan, uztailaren 16an hasiko da Oinatur kooperatiba lanean. Bi urterako kontratua egingo zaio, beste bi luzatzeko aukerarekin.

Udako bisitak

Uztailean astebururo egingo dituzte unibertsitatea eta San Migel parrokia ikusteko bisita gidatuak, eta abuztuan, egunero. Arrikrutz ere zabalik egongo da kobak barrutik ikusteko. Telefonoz ere egin daitezke erretserbak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak