Tatarraz elkarteak gurpil gainean ospatu du taldearen aurkezpen eguna

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko uzt. 5a, 17:20

Askotariko adin eta mailako ehun patinzale inguru abiatu dira gaur goizean Oñatiko Foruen plazatik bidegorrian zehar gurpil gainean ibilaldia egitera. Sortu berria den Tatarraz herriko elkarteak proposatuta, Madalena auzoraino joan dira horietako batzuk, eta Elorregirainoko bidea egin dute gainontzekoek. Bi ordu inguruko ibilaldia eginda, Foruen plazan egin dute hamaiketakoa; eta ondoren, erakustaldia eta dantza saioa egin dute frontoian bildutako herritar askoren aurrean.

Beste herri askotan moduan, Oñatin ere gero eta patinzale gehiago daudela ikusita, horien guztien topaleku izateko helburuaz jaio da Tatarraz elkartea. Herritarren aurrean aurkeztu dute gaur, zapatua, eta bultzatzaileak oso gustura dira jendaurrean egindako lehenengo topaketak izan duen harreraz. "Ikastaroetan parte hartuta, elkar ezagutu genuen hainbat patinzalek baina bagenekien beste asko ere bazirela eta horregatik antolatu genuen gaurko aurkezpen ekitaldia. Oso pozik gaude, jende asko etorri delako, eta gure harridurarako umeez gainera, uste baino heldu gehiago batu direlako ekimenera. Herrian toki asko ditugu egoki patinatzeko, eta kanpotik etorritakoek, (Donostiako zein Tolosako taldetakoak, horien artean) zortekoak garela esan digute dugun bidegorri ederragatik" azaldu du Rober Hernendezek, Tatarraz elkarteko kideak.

Hanka bakarrarekin ere patinatu daiteke

Orain bi urte jantzi zituen lehenekoz Getarian bizi den Alain Irazu tolosarrak patinak. Hanka bakarra du, hala ere ez du sekula oztopo moduan hartu, 20 urtetik gora eskiatzen ibilitakoa da-eta. Neguko kirol denboraldia amaituta, inbidiaz begiratzen zien gertuko patinzaleei. Patin irakaslea den lagunari eskatu zion gurpil gainean ibiltzen erakusteko eta ondo baino hobeto ikasi zuela erakutsi du gaur eguerdian plaza ondoko frontoian egin duen erakustaldian; harez gero, askoren eredu bihurtu da Irazu.

Irazuk eta haren lagunak egindako frogekin txundituta, frontoiaren izkinetan begira zeuden zaleak animatu dira gero konoen artean eslalomanak egitera. Ikusleen txalo artean, ederto erakutsi dute patinzaleen herriko harrobia bermatuta dagoela. Gurpil gainean dantzan borobildu dute Tatarrezekoek aurkepen saioa. 

Aurrerantzean ekimen gehiago

Gaurko harrera ikusita, Tatarrezekoek badute aurrerantzean ekimen gehiago egiteko asmoa; baliteke baina, udako opor osterako uztea asmo berri horien gauzatzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak