Patin Eguna Oñatin zapatuan

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko uzt. 4a, 15:52

Patin zaleak astean behin elkartu eta patinetan ibiltzea du helburu Oñatiko Tatarraz taldeak. Biharko I. Patin Eguna antolatu dute eta irteerak, erakustaldia eta dantza egingo dituzte, besteak beste.

Patin zaleen taldea da Tatarraz, eta horixe du helburu, astean behin elkartzea patin gainean ibiltzeko. "Badakigu Oñatin patin zale asko dagoela, eta zapaturako antolatu dugun festa horiek guztiak ezagutzeko ere aprobetxatu gura dugu, gura duena taldera batu dadin", dio Tatarraz taldeko kide den Egoitz Atxagak.

Patinatzaile asko

Joan den udako kirol kanpainatik hona sortu da Tatarraz taldea. "Ikastaro hartan parte hartu genuenok harremanetan egon  gara urte guztian zehar, eta hockeyan jokatzeko edo bidegorrian patinetan ibiltzeko elkartu izan gara tarteka. Baina ikusita zale asko daudela, taldea egitea pentsatu genuen, astean behin elkartu eta patinetan ibiltzeko", azaldu du Atxagak. Izan ere, aurtengo udako kirol kanpainan nagusi asko apuntatu dira patin ikastaroan: "Hobekuntza taldean, esaterako, 25 lagun ari dira, eta hastapen taldean, beste 10. Bidegorrian ere jende asko ikusten da patinetan. Boom handia dago, eta aprobetxatu egin behar da hori", dio aurtengo kirol kanpainako begirale ere ba den Egoitz Atxaga oñatiarrak.

Beldurra uxatu

Zaletasun handia dagoen arren, patinetan ibiltzeari beldurra diotenak ere badira, pertsona nagusiak, batez ere. Horiei beldurra alde batera uzteko gomendioa egiten die Atxagak: "Beldurra eduki egin behar da, bai, baina ez zaio utzi behar gaina hartzen. Patinetan ibiltzea ikasi gura duenak edo jakin eta ibili gura duena, etor dadila guregana, guztiendako dago zabalik taldea".

Bi ibilbide etzi

Hala, eta herriko patin zaleak elkartu eta patinetan ibiltzeko helburuarekin, I. Patin Eguna antolatu du Tatarraz taldeak biharko. Egitarau osatua prestatu dute gainera, irteera, dantza eta erakustaldia dituena, besteak beste.

Goizean, bidegorrian ibiliko dira. 11:00etan elkartuko dira eta bi ibilbide egingo dituzte, bakoitzaren aukeran. "Hasiberriendako, adibidez, Madalenara joan-etorria izango da. Besteak Elorregiraino joango dira. Bakoitzak aukeratuko du noraino joan", azaldu du Atxagak. Bueltan, pintxoak eta musika izango dituzte Foruen plazan.

Ondoko frontoian patin erakustaldia egingo dute 13:00etan. "Oñatiko patinatzaile batzuk ariketa bat baino gehiago egingo dituzte, slaloma eta abiadurazkoa, adibidez. Gero, dantza egingo dugu eta helburua da ahalik eta jende gehien batzea dantzan. Patin gainean, noski", dio Atxagak. Bukatzeko, gura duten guztiek elkarrekin bazkalduko dute Aloña Mendiren garagardo festako karpan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak