Ramon Flecha: "Umeak ikasten duen dena inguruko guztiekin dituen harremanek baldintzatuta dago"

Ramon Flecha, eguenean Oñatin.

Oñatiko Elkar Heziko langileei formazio jardunaldia ematen izan zen Ramon Flecha (Bilbo, 1952) ekainaren 26an. Hezkuntzaz gain, Europan egiten diren ikerkuntzen inpaktu soziala ikertzen lan egiten du. Besteak beste, irakaskuntza dialogikoaz eta irakaskuntza-komunitateez hitz egin zuen Oñatin. 

Elkar Heziko irakasleendako jardunaldia egin duzu. Nola ikusi dituzu, ze gaik interesatu izan ditu?

Oso irakasle motibatu eta interesatuak ikusi ditut. Ikasleei ematen ari zatzaizkien formazioa gero eta hobea izateko interes handia dute. Dagoeneko bada oso zentro ona, baina informazioaren gizarteak mailak asko igotzea exijitzen du eta, horretan, Europa atzean geratzen dabil eta hori igarri egiten da hezkuntzan, ekonomian eta jendartean. Irakasleek badakite hori eta gauzak gero eta hobeto egin nahi dituzte.

Zertan hobetu dezakete, hortaz?

Hiru gauzatan: denean –musikan, matematiketan, ingelesean…– ikaskuntza instrumentala egin; horrez gain, balioetan umeak hezten gabiltzan moduaz, badaude Espainiako estatuko komunitate zientifikoa asko kezkatzen duten kontuak, hala nola mutil batek neska bat hiltzen duen bakoitzean, mutilari sexua eskaintzen dioten nesken jarraitzaile-kluba sortzen dela. Hirugarren aldea emozioak eta sentimenduak dira: adiskidetasun sentimendua 0tik 18 urtera hezi behar da, guztiz eurekin fida ahal izan daitezen lagunak izan ditzaten neska-mutikoek.

Ikaskuntza dialogikoaren teorikoetako bat zara eta horren aitetako bat gisa zaituzte.

Horren aita nazioarteko komunitate zientifikoa da; baina bai, rol bat izan dut, aurretik egindako aportazioak jasoaz, Paulo Freirerenak, kasu; 1969an eman zuen berak ekintza dialogikoaren teoria bat.

Labur, irakaskuntza dialogikoak hau dio: neska-mutikoek ikasten duten dena jende guztiarekin –ikasgelan, patioan, etxean, Interneten…– dituzten harremanek baldintzatuta dagoela. Umearekin harremana duen jende guztia norabide berean boga egiteko ados ipini behar dela dio teoria horrek. 

Eta nola ikusten duzu Elkar Hezi bide horretan?

Oso ondo, oso zentro ona delako eta, ona izan arren, hobetzen jarraitzea garrantzitsua dela badakielako.

Eta gurasoak? Badaude joera berri horietara zabalik?

Bai. Hezkuntza-ekintza arrakastatsuetara irekitzen direnean eskolak, familiek parte hartzen dute. Euskadin, hala egin duten ikaskuntza-komunitate asko dago. Inoiz parte hartu ez zuten familiek, honako perspektiba ikusten dutenean, gustatu egiten zaie eta parte hartzen dute.

Beraz, bukatu da hezkuntza eskolan bakarrik egiten den ustea.

Zoritxarrez, estatuan hala esan izan da denbora luzean, baina ikastetxeek esan izan dute hori.  Curriculum-proiektuak klaustroen konpetentzia eta beste inorena ez zirela ere esan izan zen. Familiek ez zuten halakorik esan, baina ikastetxeek esaten zutelako, familiek onartu egiten zuten.

Ikastetxeak eta familiak berdinak dira, parekoen arteko elkarrizketa dute?

Zentro gehienetan, ez, baina Elkar Hezin, bai. Hemen berdintasunezko elkarrizketa dago gurasoekin, aiton-amonekin… zentro honetan, eta arrakasta duten munduko zentro guztietan.

CREA zentroko fundatzaileetako bat ere bazara. 

Bai. Diziplina askotariko ikerkuntza zentroa da, eta hainbat arlotan arrakasta aztertzen du: hezkuntzan, ekonomian, generoan… arrakasta zertan datzan. Ez ditu arazoak aztertzen, konponbideak baizik. CREAk asko lantzen duen gai bat genero-harremanena da, zentzu guztietan, eta nola lortu gizon-emakumeen arteko harremanak onak izatea, eta gaztetxoek norekin harremanetan dauden ondo aukeratzen jakitea eta zentzu horretan euren burua ondo antolatu dezaten lortzea.

Eta non erakusten da hori?

Etxean, ez; zentroetan erakutsi behar da. Izan ere, neska-mutilek ez dizkiete inoiz gurasoei kontu intimoak kontatu, eta ez dizkiete inoiz kontatuko; beraz, zentroetan izan behar da irakaskuntza hori. Arrakasta handia duten ekintza batzuk daude: neska-mutilak horretarako gertatuta dauden beste neska-mutil batzuekin komunikatzen dira; azken horiek zentrora joaten dira, berriketan egiten dute eta gauzak lortzen dira horrela.

Arraza-diskriminazioa ere landu izan duzu, ezta?

Bai; multikulturaltasuna asko lantzen dugu, CREA, mundu mailako zentro gisa, dibertsitate handikoa delako: baditugu ijitoak, musulmanak, juduak… denetarik. Barruan dibertsitate hori dugunez, erraza da guretako dibertsitate handikoa den mundu baten lan egitea.

Elkarrizketa horrekin, Irakeko gerra garaian, adibidez, gure zentroko juduek eta musulmanek batera egin zuten lan. Harvard-en, egunero, batera otoitz egiten zuten musulmanek, juduek, agnostikoek…

Multikulturaltasuna ondo kudeatzen dute gaur egun ikastetxeek?

Ez dabiltza ekintza arrakastatsuak egiten, baina hori ez da zentroen errua, baizik eta burutsuena, multikulturaltasuna dagoenean maila jaitsi egiten dela esaten dutenena. Zentroek arazoak dituzte, baina maila ez da jaisten ekintza arrakastatsuak egiten badira.

Zeintzuk izan litezke horiek?

Asko. Bat hauxe da: ikasgela modu interaktiboan antolatzea. Kultura askotako neska-mutikoek elkarri laguntzen diote eta askoz historia gehiago, askoz fisika gehiago… ikasten dute, baina baita elkarrekin harremana izaten ere, eta hori da etorkizunean enpresetan gertatuko zaiena.

Katalunian hizkuntzak kudeatzeko modua hemen egin denarekin konpara daiteke?

Ez naiz horretan aditua, beraz, iritzi soila emango dut. Arrazoizkoa den moduan, Katalunian errazagoa izan da, katalana errazagoa delako dagoeneko gaztelania dakienarendako, eta hemen distantzia handiagoa dago bi hizkuntzen artean, baina bi lekuetan egin da ondo. Nazioartean, batzuetan eredu gisa ipintzen dira. Oso bestelako kasuak daude, hala nola Belgikan, Lovainako Unibertsitatearen kasua: egin behar zen hizkuntzaren kontura haserretu egin ziren eta bi unibertsitatetan banatu ziren. Hemen, kolaborazio moduak bilatu izan dira. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.