Udan ere, jolas, ikasi eta kirola egingo dute umeek

Irati Goitia 2014ko eka. 30a, 10:33

Ikastetxeen udako eskaintzaz gain, Txalokak, udaleko kirol zerbitzuak eta gaztelekuak ere egin die eurena herriko gaztetxoei eta horiek egin dute aukera.

Nobedade ugarirekin datoz udaleku irekiak Oihana Ugarte koordinatzaileak adierazi duenez. Besteak beste, asanbladak egingo dituzte. "Begiraleek eurek antolatu dute programazioa, baina umeek aldaketak egin ahal izango dituzte", azaldu du Ugartek. Hala, zehaztu du txikienekin, esaterako, arauak finkatzeko asanbladak egingo dituztela eta nagusiagoekin asanbalada egunak egingo dituztela.

Beste berrikuntzetako bat da kanpaldia. Zortzi eta hamar urte bitarteko umeak Urkulura joango dira gaua pasatzera, kanpin denda eta guzti. Lehendabizikoz egingo dituzte baita zikinen eguna edo kulturartekotasunaren eguna. "Kultura ezberdinetako dantza, musika, jolas edo janak plazara atera nahi ditugu", dio Ugartek. Azken egunean, uztailaren 24an, apar festa egingo dute, bestalde.

Denera 351 umek hartuko dute parte udaleku irekietan, 36 taldetan banatuta, eta 41 hezitzaile eta hiru koordinatzaile arituko dira lanean. Helburua da 4-10 urte bitarteko haurrei euskarazko aisialdi hezitzailea bermatzea.

Arte udalekuak

Marrazketan eta eskulturan trebatzeko aukera izango dute 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek arte udalekuetan, gaurtik hasita. Hamar gaztetxok eman dute izena eta irakasle lanetan iazko berak arituko dira (Ander Etxaniz eta Amaia Ochoa de Alda). Aurten gaztelekuan beharrean, Oñatiko Udalak Bidebarrietan eskulanetarako duen lokalean egingo dira. Artea eta kultura gaztetatik sustatzea da helburuetako bat.

Kirol eskaintza

Gaur hasiko da baita udako kirol eskaintza. 716 umek disfrutatuko dute kirolaz udako hilabete hauetan, 23 kirol motaz, zehazki: tenisaz, badmintonaz, waterpoloaz, patinajeaz, eskaladaz.... Uztailaren 28ra arte eskainiko da kirol eskaintza zabal hau, baina abuztuan ere egongo da igeriketaz eta ur-jokoez gozatzeko aukera. Zubikoan gauzatuko dira ekintzak, mountain bike-a izan ezik, hori Oñatiko inguruetan egingo dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak