Udalbatzak aho batez onartu zuen Bilduk Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren harira egueneko osoko bilkuran aurkeztu zuen mozioa. Hala, hauxe adierazi zuen: "Oñatiko udalak benetako haustura demokratiko baten aldeko aldarrikapena egiten du, euskal herritarrok gure herriaren etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatuz. Era berean, herri honek ez dio inolako zilegitasunik onartzen Espainiako koroaren inongo ordezkariri".
Zinegotzi ez liberatuek jasotzen duten dirua beste modu batera banatzea ere bozkatu zuten udal ordezkariek, gai zerrendatik kanpo sartutako puntutzat onartu eta gero. Aurrerantzean, zinegotzi ez liberatuek jasotzen duten dirua alderdiek jasoko dute, diru laguntza moduan, Gizarte Segurantzan arazorik ez sortzeko. Bestalde, Arrasateko jaietan izandako ustezko sexu erasoa ere salatu zuen udalbatzak aho batez, eta ekainaren 28ra begira antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko deia ere egin zuen, "oraindik ere hainbat kolektibok arazoak dituztelako euren errealitatea bizitzeko", Maialen Urtzelaik adierazi zuen moduan.
Zorionak Maider Arregiri
Bukatzeko, Mikel Biain alkateak Maider Arregi gaztea zoriondu zuen udalbatzaren izenean Euskal Herriko eskolarteko bertsolari txapela irabazi duelako.