Aurten ere ez dute hutsik egingo, eta, beti bezala, istorio harrigarri eta gorabeheratsua prestatu dute; Hollywoodekoei inolako inbidiarik ez dien istorioa; oraingo honetan ere, klubak, mafiosoak, gaizkileak, kabaretariak, mozkorrak, mojak eta amodio kontuak izango dira protagonista.
Marta Velasco irakaslea da istorioa sortu eta dena antolatzeko ardura duena. Leioarrak urte asko daramatza Ganbara Kantu Eskolan ahots teknikako klaseak ematen. Bereziki, Ganbara Gazte eta Ganbara Abesbatzako kideekin lan egiten du eta haren izaera alai eta saltseroa erabat islatzen da ikasturte bukaerako ikuskizunetan. Astelehenean egingo duten horretan ere horrela izango da. Ikasleak mozorrotu eta antzezten ipiniko ditu, kantuan ez ezik. Kantariek, bakarka, abestuko dituzte norberari egokitutako abestiak. Musikal zatiak, opera zatiak, pop abestiak... Denetik.
Bereziki, klasikoa
Taldean abesteak ez du zerikusirik bakarka abestearekin, baina bakarka egiten den lanak, norberaren garapenean ez ezik, taldean du eragina: "Ikasturtean zehar lan itzela egiten dute ikasleek. Ahots teknika lantzen dugu klaseetan eta gustatzen zait bereziki musika klasikoa lantzea. Noski, eurei gustatzen zaizkien abestiak ere ikasi eta interpretatzen ditugu", dio Marta Velasco irakasleak. Astelehenean aurkeztuko dute aurtengoa jendaurrean; Elkar Hezin, 20:00etan.