Ganbara abesbatzeko Aitor Biain zuzendariak adierazi duenez, egitasmo horrekin ohikoak diren musika eskaintzetatik aratago joan izan nahi dute. Izan ere, abesbatzek eliza eta auditorioetan abesteko joera dute, eta, kalea ere espazio egokia da musikaz gozatzeko. Hori dela eta, Oñatiko txoko desberdinetara musika eramateko nahia agertu zuen Biainek, horietako bat da Bidaurretako eliza ataria. Gauaren iluntasunari aurre egin eta ikuzkizunari indarra emateko argiztapen berezia izango du. Iaztik dute esku artean proiektua, eta jendaurrera eroango dute.
Askotariko doinuak
Egubakoitzean egingo den musika emanaldiak hiru zati izango ditu. Lehenik eta behin, Ganbara gaztek jazz pieza bat eskainiko du. Hogei minutu inguruko pieza bat izango da, eta piano, bateria eta kontrabaxuaren laguntza izango dute gazteek.
Bigarren zatian Ganbara abesbatzak abestuko du. Helduen taldeak habaneraz osatutako errepertorioa eskainiko du. Azkenaldian habanerak lantzen aritu dira; izan ere, kanta mota horren gaineko txapelketa batera aurkeztuko dira. Gaur gauean entzun ahal izango diren habaneretako batzuk hauek dira: A tu lado, El ausente eta Amor, esto es amor.Azkenik, gazteek doinu modernoak interpretatuko dituzte, zenbait musikariren konpainian. Pop kanta ezagunak izango dira entzungai Ganbara gazte eta musikarien eskutik. Beraz, askotariko doinuak entzuteko aukera izango da, oñatiar abeslarien gazte eta helduen eskutik.
Habanera txapelketa
Oñatiko Ganbara abesbatzak bigarrenez hartuko du parte Torreviejako habanera txapelketan. Aurrekoan bi sari eskuratu zituzten eta gogotsu joango dira. Uztailaren 23an kantatuko dute bertan, eta prestaketa lanetan buru belarri dabiltza, artean, gaurko kontzertua ere baliagarria da, habanerak entsegatzeko.