Corpus eguneko prozesioak herritar asko erakartzen dituela oraindik argi gelditu da aurten ere. 10:00etan hasi dira gaur, domeka, urtean zehar herriko ermita edo auzoetan egon ohi diren santuak San Migel parrokiara ekartzen, Oñatzeko dantzariak eta herriko txistulari bandak lagunduta. Ordurako herritar asko zeuden parrokia atzean, zain. San Migel eta apostoluak janzten, berriz, 10:45ean hasi dira Santa Anan. Paulina Kernstock-ek 46 urtez egin du lan hori. Gaur ere hantxe egon da: "Arropa garbitu eta plantxatu Santa Anako mojak egiten dituzte. Lehenengo San Migel janzten hasten gara. 25 kilo pisatzen du soinean eramaten duen arropak. Apostuluak janzten ere segidan hasten dira".
Eta antzokiko beheko zatia bete egin da ikuslez. Baita goiko ilara batzuk ere. Ikusleen artean, gainera, egon dira Tolosako, Portugaleteko eta Kataluniakoak ere.
Haiek janzten zituzten bitartean, meza nagusian zeuden beste lagun asko. Oñatzeko dantzariek aldare aurrean egin dute dantza, ohiturari jarraituz. 12:00ak pasatxo hasi da prozesioa Santa Ana paretik, aurrean dantzariak, eta San Migel eta apostoluak atzean zihoazela. Momentu horretan ere jende asko zegoen bidearen alde bietara, ibilbide guztian bezala. Tartean, Ruper Ordorika eta Toti Martinez de Lezea.
Bi gazte
Fernando Diazek azken urtea egin du San Migel jantzita: "Iaz gura nuen utzi, baina eguraldiagatik ez genuen ibilbide guztia egin eta horrela bukatu nahi nuen nik, ondo. Eta aurtengoa da azkena. Gainera, berezia izango da, aurten hil den nire aita izango dut gogoan-eta. Hala ere, bi gazte dantzari eta kirolari ari dira ikasten. Etorkizuna ziurtatuta du goiaingeruak".