Sutara alde batera utzi gura diren trasteak, San Juan sua da

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko eka. 23a, 10:44
Joan den urteko San Juan sua

19:00etan hasiko da festa, txorimalo, erraldoi eta Jose de Azpiazu musika eskolako trikitilariekin. Sua 22:30ean piztuko dute. 'San Juan berde' abestia ere kantatuko dute.

Ekainak 23 da gaur, San Juan bezpera, eta aspaldiko ohiturari jarraituz, alde batera utzi gura diren traste eta gurari guztiak erreko dituzte herriko plazan. San Juan suaren, edo udarari ongietorria emateko festan, norberaren aukeran hori. Kontuak kontu, udako solstizioaren jaia edo San Juan sua egingo da gaur gauean Oñatin ere, Euskal Herriko beste hainbat herrietan bezala.

Aurtengo ekitaldia, baina, herriko ikastetxeek, gura elkarteek eta Udalak elkarlanean antolatu dute, lehenengo aldiz. "Henkuntza Mahaia osatzen dugunon artean antolatu dugu. Hiru talde ditugu mahai honetan: gurasoendako hitzaldi eta ikastaroak antolatzen dituena, Eskolabus proiektua lantzen ari dena eta euskara eta euskal kultura sustatzeko osatuta dagoena. Azken talde hori izan da, hain zuzen ere, San Juan sua antolatzeaz arduratu dena", azaldu du hezkuntza eta euskara teknikaria den Iñaki Akizuk.

Kantuak eta dantzak

Egitarauari dagokionez, berriz, ez dago aldaketa handirik. 19:00etan txorimalo eta buruhandiak ibiliko dira herriko kaleetan barrena, Jose de Azpiazu musika eskolako trikitilariekin batera. Kalejira ere egingo dute musikari horiek. 

Sua bera 22:30ean piztuko dute Foruen plazan. "Herritarrek aukera izango dute traste zaharrak sutara botatzeko. 22:00etatik 22:30ak arte izango da hori", argitu du Akizuk. Behin sua piztuta, kantu herrikoiak abestuko dituzte. Lehen Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailako ikasleek emango diete hasiera, kioskora igota. Oñatz dantza taldeko kideek ere emanaldi berezia egingo dute. Aurten, gainera, aldaketak egin dituzte gaurko egunez egin ohi izan dituzten dantzetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak