Eskualdeko garaiko produktuak oinarri hartuta, Debagoieneko 7 jatetxek menu bereziak eskainiko dituzte uztailaren 31ra arte. Bailarako garaiko barazkiak, txakolina eta txokolatea izango dira protagonista errezetetan. Antolatzaileen esanetan, gastronomia bailara ezagutzeko aitzakia paregabea izan daiteke bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat. Jardunaldi Gastronomikoak, ordea, ez dira menuak dastatzeko bakarrik. Izan ere, produktuen ekoizpen guneak ezagutzeko eta Debagoieneko eskaintza turistikoa bisitatzeko aukera ere izango da ibilbide gastronomikoen bidez.
Jardunaldien baitan, sukaldaritza tailerrak ere antolatu dituzte, parte hartzen duten jatetxeetako sukaldarien eskutik. Oraingoan, gainera, Mankomunitateko egoitzan izan beharrean, jatetxeetako sukaldeetan bertan egingo dira tailerrak, eta, lehenengoz, Aretxabaletako Otalora jauregian ere bai. Lehenengoa uztailaren 1ean izango da Goiko Benta jatetxean eta bertara hurbiltzen direnek tartak egiteko errezeta errazak ikasi ahal izango dituzte. Tailer horien bidez, herritarrak sukaldaritzara gerturatzea dute helburu antolatzaileek. Ana Heriz Mankomunitateko turismo teknikariak azaldu duenez, tailerretan plaza komporua mugatua izango da, "jatetxeetako sukaldeetan ez dagoelako denontzako lekurik". Gainera, iazko arrakasta ikusita, lekua denboraz hartzea gomendatu dute antolatzaileek.
Produktuen jatorriari eta elaborazio prozesuari eman nahi izan diote garrantzia antolatutako ekintzetan. Gainera, antolatzaileen esanetan, bertako produktuen aldeko apustua egiteaz gain, turismoa erakartzearen alde ere ari dira lanean, "Egiten ari garen apustua kalitatearen aldekoa ere bada eta kontuan hartu behar da erabiltzen ditugun produktuak ohikoak baino garestiagoak direla. Gainera, ez dugu gugatik bakarrik egiten, turismoa erakartzeko baizik", adierazi du Hilarion jatetxeko Gabino Yarzak.
Gogoan izan behar da, ibilbide gastronomikoetan zein sukaldaritza tailerretan parte hartzeko, aurrez izena eman behar dela Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Sailean, 943 79 64 63 zenbakira deituta, edo turismo@debagoiena.net helbidera idatzita. Menuak dastatzeko aukera, Etxe Aundi, Goiko Benta, Hilarion, Lasa, Maialde, Santa Ana eta Torre Zumeltzegi jatetxeetan izango da.
Informazio gehiago eta egitarau zehatza www.turismodebagoiena.com webgunean.