Oñatiko EAJk azaldu duenez, aurreko legealdian, Oñatiko Udalak sustatuta eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, Madrilgo parlamentari talde jeltzalearekin kudeatu zuten lehen Eteo eta orain Enpresagintza den Enpresa zientzietako fakultate eraikina egiteko diru laguntza eta, horri esker, kostu totalaren ia erdia ordaindu ahal izan zen: "Oñatiko fakultatea egiteko Madrildik lortutako 6 milioi euroko diru laguntza Josu Erkoreka kongresuko talde jeltzalearen bozeramaile eta Lourdes Idoiaga alkate izanik lortu zen. Diru laguntza horri esker ia kostu totalaren %50 ordaindu ahal izan zen".
Oñatiko jeltzaleen aburuz, "laguntza garrantzitsu horri esker kokatu ahal izan zen egun oñatiarrentzat garrantzitsua den eta prestigioa duen fakultate berria udalerrian". Eta ez hori bakarrik: "Kongresuko EAJko diputatuek, Josu Erkoreka bozeramaile zutela, Arrasateko Eskola egiteko 7 milioi euroko beste diru laguntza bat ere lortu zuten", adierazi dute. Horregatik, EAJk eskerrak eman nahi dizkio Erkorekari, "Oñati herriari eta Debagoienari egindako ekarpenengatik eta lortutako guztiagatik".
Erkorekaren hitzaldia, Oñatin, bihar
Egungo Herri Administrazio eta Justizia sailburu Josu Erkorekak hitzaldia eskainiko du bihar, eguaztena, Oñatiko Batzokian, 19:00etan. Hitzaldian Euskadiko egungo egoera politiko eta ekonomikoa aztertuko ditu.
EAJk aukera aprobetxatu nahi du sailburuari ongietorria emateko eta oñatiarrak hitzaldira joatera animatzeko.