Hainbat berrikuntzekin egin dute aurten Fan Hemendik! eguna Oñatin, eta antolatzaileek berrikuntzon balorazio positiboa egin dute. "Oso gustura gaude. Goizeko jolaspoteoak, esaterako, erantzun ona izan du. Bazkaltzeko ia 400 pertsona elkartu gara, eta tabernetan egindako kontzertuak ere oso ondo joan dira. Egin dugun flashmob-ak eguna borobildu du" adierazi du Fan Hemendik! batzordeko kide den Julen Romaratezabalak.
Flashmob-a izan da, hain zuzen ere, Guardia Zibila Oñatitik eta Euskal Herritik joateko eskatzea helburu duen egunak aurten izan duen berrikuntza deigarrienetako bat. 19:30ean abituta "Fan hemendik. Utzi bakean" leloa zeraman pankartarekin manifestazioa Guardia Zibilaren koartelera heldu denean egin dute, Ertzaintzaren begiradapean. Egurra Ta Kitto taldearen Errefusa abestia erabili dute flashmob-erako, eta aipatzekoa da taldekoak ere bertan egon direla.
Flashmob-a bukatzean, berriz ere indartu dira txistuak eta Guardia Zibila joan dadin eskatzeko oihuak, eta ondoren, txosnagunean amaitu da manifestazioa.