Udako kultura eskaintza kalera ateratzea du helburu Kalean egitasmoak. Baina berritasunak ere baditu aurtengo edizioak. "Espazio gehiagotara zabalduko dira ekitaldiak. Adibidez, Lazarraga lorategian, Bidaurretako eliza ondoan eta Eteon egingo dira antolatutako ekintzetako batzuk. Bestalde, gura genuen herriko taldeek ere presentzia handiagoa izatea egitarauan. Horrela, Ganbararen emanaldia, musika eskolako ikasleena, Eltzia egitasmoko eragileen edo Kantoikrit proba sartu ditugu, adibidez", adierazi du Nerea Zubiak, kultura zinegotziak. Eta gaineratu du: "Horrez gain, orain arte uztailean hasten zen, eta aurten ekainean hasiko da, aurreratu egin dugu".
Foruen plazan ere izango dira ekitaldiak eta musikaz gain, kale antzerkia eta zirko ikuskizuna ikusteko aukera ere egongo da. Bestalde, surf festa eta Kantoikrit kriteriuma ere biak daude Kalean egitasmoan, nahiz eta aurten egun banatan egin.
Egitarau osoa agendan dago.