Hain zuzen, bost barietate aurkeztu zituen Natrak Alemanian: Maria galletekin egindako krema, gurinezko galletekin egindakoa, txokolatezko pipita edo zatitxodun galletena, nataz betetako txokolate beltzezko galletena, eta gluten bako Maria galletena.
Liderrendako ekoizten
"Garatu berri diren produktuek oso harrera ona izan zuten Koloniako azokan", esan du Natrak. Valentzian oinarritutako enpresak esan duenez, barietate haietariko batzuk dagoeneko merkaturatzen dabil hainbat herrialdetan: hain zuzen, gurinezko galletekin eta txokolatezko pipitadun galletekin egindako kremak "Alemanian marka lider eta joera-sortzaileen artean" merkaturatzen dabil, eta nataz betetako txokolate beltzez egindakoa, Espainian. Gainera, azken hori Ameriketako Estatu Batuetan komertzializatzen hasiko da laster Natra.
Beste 1.000 tona produzitu
Ameriketan gero eta indartsuago izatea da Natraren helburu estrategikoetako bat, eta, horren harira, honakoa azaltzen du enpresak: "Bezeroen eskaerak aintzat hartuta, garatu berri diren produktuetatik abiatuta beste bi igurzteko krema ekoizten hasi da, horiek ere Ameriketako merkaturako". Hain zuzen, almendrazko galletekin egindako krema organikoa eta bainillazko galletekin egindako krema organikoa.
Igurzteko kremak egiten ia 50 urteko ibilbidea du Natrak eta, 2013an, ia 37.700 tona ekoiztu zituen, 570 erreferentzia edo izenekin. Aurten atera dituen produktu berriekin bakarrik, beste 1.000 tona ekoiztea espero du gozogintza enpresak.
Fidelity, akziodun berria
Bestalde, aldaketak izan dira Natra enpresaren jabegoan. Hain zuzen, maiatzaren 5ean, AEBetako Fidelity International Limited-ek, munduko fondo kudeatzaile independente nagusietako batek, Natraren kapitalaren %1,15 –543.947 akzio– erosi zituela jakinarazi zion Balio-Merkatuaren Espainiako Batzordeari. Handik hilabetera, parte-hartze hori akzioen %7,064ra handitu zuen, Barten SAk oraindik zituen %5,318 erosi ondoren. Bartenek uko egin zion Natrako Administrazio Kontseiluan zuen postuari.
Fidelity akziodunen artean izatearen eta hark enpresaren proiektuaren gainean interesa erakutsi izanaren "oso balorazio positiboa" egin du Natrak.
Fidelity International Limiteden parte-hartzea gestora horren Iberia fondoaren barruan dago. Fondo hori Espainiako eta Portugalgo baloreetan espezializatuta dago, eta baita herrialde horietatik kanpo dauden baina irabazien zati handi bat horietan egiten dituzten enpresetan ere.
Natrak esan duenez, "Iberia fondoa, gaur egun, Espainiako burtsako fondo onena da hiru eta bost urteko epeetan ematen duen errentagarritasun aldetik eta, Morningstar-en datuen arabera, 2012a eta 2013a %21eko eta %33ko errentagarritasunekin itxi zituen, hurrenez hurren". Gogorarazi duenez, 2014ko maiatzean %12ko errentagarritasun pilatua dauka.
Burtsan zuen balioa %143 handituta itxi zuen Natrak 2013. urtea, baina 2014ko lehenengo lau hilabeteetan, %14 galdu du.