Eskaera eta festa, bihar, Fan Hemendik! egunean

Irati Goitia 2014ko eka. 13a, 09:38

Bihar egingo dute Fan Hemendik! eguna eta berrikuntza ugarirekin dator egitaraua. Horietako bat da 'flashmob'-a. Antolatzaileek bailara osora zabaldu nahi izan dute deialdia, eta hala, debagoiendar guztiak gonbidatu dituzte bihar Oñatira joatera.

Bihar egingo dute Fan Hemendik! eguna eta berrikuntza ugarirekin dator. "Urtero antzerako gauzak izaten ditugu eta aurten egitaraua aldatu nahi izan dugu. Adibidez, arratsaldeko kontzertuak tabernetan izango dira. Ekintzak kalera eta jendeari gerturatu nahi izan dizkiogu", azaldu du Julen Romaratezabala antolakuntzako kideak. 18:00etan eta flashmob-aren ondoren izango dira kontzertu horiek Ongi, Arrano, Boga eta Pub tabernetan.

'Flashmob'-a

Hain zuzen, aurtengo beste berrikuntzetako bat da flashmob-a. "Aldarrikapen eguna izateaz gain, festa eguna ere izaten da biharkoa. Guretzako urriaren 12a da benetako aldarrikapen eguna. Hala, umorea sartu nahi izan dugu eta hortik dator flashmob-a egitearen ideia", zehaztu du Romaratezabalak. 20:00etan egingo dute kuartel aurrean. Dantza Oñatzeko hiru kidek asmatu dute eta kantua Egurra Ta Kitto taldearen Errefusa da.

Egunari, baina, jolas-poteoarekin ekingo diote 12:00etan. "Aldarrikapenez betetako hiru jolas egingo ditugu. Puntuazioa egongo da eta irabazleak saria izango du". Ondoren, bazkaria egingo dute 15:00etan.

Txosnagunea toki berrian

Aurten txosnagunea unibertsitatearen eta Zuazola institutuaren tartean kokatuko da. Bertan izango dira gaueko kontzertuak, 22:30ean hasita: Egurra Ta Kitto, Besteikpe eta Odolkiak Ordainetan.

Bestalde, urtero bezala manifestazioa egingo dute herriko kaleetan zehar 19:30ean hasita Foruen plazatik.

Deialdia Debagoienera

Romaratezabalak dio Guardia Zibilak Euskal Herritik joateko eskaera gizartean errotuta dagoela. Hala ere, Fan Hemendik! eguneko deialdia bailarara zabaldu nahi izan du: "Kuartela Oñatin dagoen arren, kontrolak edonon jartzen dituzte. Beraz, debagoiendar guztiei egiten diegu zapatuan Oñatira etortzeko deia".

Egitaraua:

  • 12:00: Jolas-poteoa
  • 15:00: Bazkaria (Txartelak salgai daude: Oñatin, Boga, Arrano eta Ongin; Arrasaten, Iratin; eta Bergaran, Arranon).
  • 18:00: Kontzertuak Tabernetan Ongi: Kaleko Urdangak 
     Arrano: Gaitze
     Boga: Criminal Remains
     Pub: D.I.U.
  • 19:30: Manifestazioa, Foruen plazatik hasita.
  • 20:00: Flashmob-a kuartel aurrean.
  • Ondoren, Kontzertuak tabernetan Ongi: Trikimailu
     Arrano: Drop
     Boga: Beneh
     Pub: Gela Berezia
  • 22:30: Festa txosnagunean, Egurra Ta Kitto, Besteik-pe eta Odolkiak Ordainetan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak